Ikasturte amaierako jaialdia egingo dute zapatuan Ikasberrin

Uztarria.eus 2016ko ekainaren 9a

Goizetik hasi eta arratsaldera bitarterako egitaraua prestatu dute. Orla banaketa, jolasak, bazkaria eta Kupela taldearen kontzertua izango dira, besteak beste. 50. urteurrena dela eta, oraingo ikasle, guraso eta langileez gain, ikastolatik pasatutako ikasle, guraso eta langile denak gonbidatu nahi dituzte parte hartzera.

Zapatuan, ekainak 11, egingo dute ikasturte amaierako jaialdia Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Egun osorako egitaraua prestatu dute horretarako eta 11:00etan hasiko dira ospakizunekin. Behin suziria botata, aurreskua dantzatu eta pregoia irakurriko dute. Ondoren, 11:15ak aldera, orlak banatuko dizkiete batxilergoko ikasleei eta ondoren Haur Hezkuntzako ikasleek emanaldia egingo dute ikastolako areto nagusian.

12:00etatik 13:00etara bitarterako, jolasak antolatu dituzte, ikasle, irakasle eta gurasoentzat. Bazkal aurretik, 13:15ean, eskertza ekitaldia egingo dute. Ondoren, HH3tik LH6ra bitarteko ikasleen bazkariaren txanda izango da, 13:45ean. Behin horiek bukatutakoen, 14:30ean, bazkalduko dute gainontzekoek. Arratsalderako haurrentzako merienda eta jolasak antolatu dituzte. 16:30ean ikasleen antzerkia izango da, eta 18:30ean Kupela taldeak emanaldia eskainiko du.

Aurtengoa ikasturte amaierako jai "berezia" izatea nahi dute. Izan ere, Azpeitian ikastola sortu zeneko 50. urteurrena dela eta, oraingo ikasle, guraso eta langileez gain, ikastolatik pasatutako ikasle, guraso eta langile denak gonbidatu nahi dituzte parte hartzera.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, aldiz, ikasturte bukaerako jaialdia ekainaren 17an, ostirala, ospatuko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide