Lagun Onak Txirrindulari Elkartearen eskutik, benjamin, alebin eta infantilen II. Mantangorri Saria jokatuko da Sanjuandegin zapatuan. Bi itzuli eman beharko dizkiote ibilbideari 16:00etan abiatuko diren benjamin mailako txirrindulariek. Alebinak 16:10 inguruan aterako dira eta bost itzuli egin beharko dituzte. Infantilak, azkenik, 16:30ak aldera abiatuko dira eta hamar itzuli bete beharko dituzte.
Ibilbideari dagokionez, Sanjuandegiko plazatik abiatu eta ibai aldera irtengo dira txirrindulariak. Handik, Ingurugiro Etxera (Xaguxatar parkera) iritsi aurreko tuneltxoa pasatu eta atzeko bidera sartuko dira, eta atzeko bidetik aldapatik behera Salbe auzuneari buelta emango diote plazara itzuli aurretik. 1,2 kilometrokoa da ibilbidea.
Ibilbidean zehar errepidea mozteko eta ziurtatzeko, boluntarioak egongo dira txilibitu eta banderinekin. Hala ere, errepidea moztuta egongo denez, eta lasterketa bere horretan joan dadin ezbeharrik gabe, kotxeak ordu batez geldirik edukitzea eskatzen diegu Sanjuandegiko biztanleei. Barkatu eragozpenak eta mila esker.
Gainontzean, lau eguneko asteburu luze batean, lau lasterketatan hartuko du parte Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak. Gipuzkoako txapelketak izango dira jokoan, lineakoak zein erlojuaren aurkakoak:
- Larunbat goizean (9:30), Urretxun, jubenilen lineakoa (ikus ibilbidea eta ordutegia).
- Larunbat arratsaldean (17:00,) Bergaran, kadeteen erlojupekoa (ikus ibilbidea eta ordutegia).
- Igande arratsaldean (16:00), Oñatin, kadeteen lineakoa (ikus ibilbidea eta ordutegia).
- Astearte arratsaldean (19:15), Aizarnazabalen, jubenilen erlojupekoa (ikus ibilbidea eta ordutegia). Aitzol Odriozola izango da gure ordezkaria eta 19:19an abiatuko da.
Zorte on denoi!