Zaletuen babesik ez zaio faltako Lagun Onaki Aguilasen

Uztarria.eus 2016ko ekainaren 10a

Zaletuak Lagun Onaken gola ospatzen, joan den zapatuan, Garmendipen.

Klubak jarraitzaileentzat antolatutako autobusa bihar irtengo da Azpeititik Murtziara bidean, 22:00etan, anbulatorio aurretik. Bigarren B mailara igotzeko kanporaketaren itzulerako partida igandean izango da, 18:00etan.

Lagun Onakek igande arratsaldean, 18:00etan hasita, jokatuko du Murtziako Aguilas herrian Espainiako Bigarren B mailarako igoera faseko bigarren kanporaketaren itzulerako partida; joanekoan, joan den zapatuan, 1-0 irabazi zion Lagun Onakek Aguilasi Garmendipen.

900 kilometrotik gorako distantzia dago errepidez Azpeitia eta Aguilas artean, hamar ordu pasako bidaia autobusez, eta igande iluntzean bukatuko da neurketa. Hala ere, zaletuen babesik ez zaio faltako Lagun Onaki Murtzian. Aurreko kanporaketan Avileserako bidaian egin bezala, klubak jarraitzaileentzako autobusa antolatu du oraingoan ere. Eta autobusa osatu dute: bihar, zapatua, 22:00etan aterako dira Azpeititik Murtziara bidean, anbulatorio aurretik. Momentuz 30 zaletu inguruk emana dute izena. Izen-ematea, berez, ostegun iluntzean bukatu zen, baina autobusean beste hamar lagunentzako tokia dagoenez, bihar bitartean ere apuntatu daitezke azken orduan animatzen direnak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide