Nahi baino urrunago

(Argazkia: UNAI DE MIGUEL)

Ahazteko moduko Gipuzkoako Txapelketak bizi izan ditugu asteburuan.

Atzo, asteartea, 19:15etik aurrera jokatu zen Gipuzkoako junior mailako bakarkako erlojupeko txapelketa. Aizarnazabaldik Zumaiara joan-etorria egin behar izan zuten txirrindulariek, tartean Aitzol Odriozola eta, azken uneko baja baten ondorioz, Antton Sanjuan zirela. Biek ala biek zeukaten dena eman zuten baina ez zen nahikoa izan lehenengo postuetara gerturatzeko, hegan egin baitzuten Xabier Murgiondok (ULMA-Aloña Mendi) eta Xabier Mikel Azparrenek (VIctor Alvaro). Segundu bategatik irabazi zuen Murgiondok txapelketa; bigarren Azparren izan zen eta hirugarren Mikel Arregi (ULMA–Aloña Mendi). Ikus sailkapen osoa.

Larunbat goizean jokatu zuten jubenilek errepideko Gipuzkoako Txapelketa, Urretxun. Legazpira bi itzuli, ondoren Azkoitira jaitsi eta, amaieran, Atagoiti, Gabiria eta Eizagako portuak pasatu behar izan zituzten. Azkoitira jaisterako jada ihesaldia eratua zegoen, hamaseikote batekin aurrean; Imanol Mendo (Atracciones Sanz–EPI) soilik sartu genuen bertan. Zumarragan gora gelditu zen azkoitiarra eta, ondorioz, aurrean inor gabe gelditu ginen. 3 minutuko errenta goraka zihoanez, Ertzaintzak ez zuen gupidarik izan pelotoia kaleratzerako orduan; horrenbestez, Lagun Onakeko txirrindularirik gabe gelditu ginen lasterketan. Unai Iribar (Limousin–Oriako) izan zen garailea, eta atzetik Xabier Murgiondo (ULMA–Aloña Mendi) eta Ander Amonarriz (Andoaingo) izan zituen. Ikus sailkapen osoa.

Kadeteen bakarkako erlojupekoa larunbat arratsaldean izan zen, Bergaran. San Antonio auzotik Antzuola aldera abiatu eta eskuinetara, saihesbidetik Labegaraietara jaitsi behar ziren, ondoren berriro San Antoniora iristeko; 5,6 km, denera. Aitor Larrañaga (Victor Alvaro–Donosti Berri) txapeldun geratu zen, eta haren atzetik sailkatu ziren Jon Arakama (Inoxcra–Ordiziako) eta Iñigo Aranburu (Eroski–Dorletako Ama). Lehen azpeitiarra Mikel Orbea izan zen, 27. postuan. Ikus sailkapen osoa.

Azkenik, kadeteek beraiek, igandeko 16:00etan ekin zioten Oñatin Lineako Gipuzkoako Txapelketari. Oñatitik Arrasaterako joan-etorriaren ondoren Udanako portua pasatu eta Legazpin buelta eman zuten berriro, Oñatira itzultzeko. Errepideak berak eginiko hautaketa naturalean 30 txirrindulari inguruko taldetxoa geratu zen aurrean, eta haien artean erabaki zen lasterketa. Aritz Urra (Inoxcra–Ordiziako) nagusitu zen sprintean, Aitor Larrañagaren (Victor Alvaro–Donosti Berri) eta Andoni Azkarateren (Eroski–Dorletako Ama) aurretik. Hemen ere Mikel Orbea izan zen lehen azpeitiarra, 29. postuan helmugaratuta. Ikus sailkapen osoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide