Urrestillan aurtengo San Juan festen lehendabiziko ekitaldiak izango dituzte asteburu honetan. Aurrenekoa bihar, ostirala, jokatuko den eskuzko pilota jaialdia izango da, 22:00etan. Urtero osatzen dute puntako jaialdia Txikuri pilotalekuan, baina aurtengoak ikusmin berezia piztu duela ere esan daiteke. Iker Irribarria txapeldun berria tartean dela, partida nagusi interesgarria prestatu dute Aspe enpresako pilotariekin: Irribarria eta Zabaleta Altuna II.a eta Rezustaren kontra ariko dira. Jaialdiko lehen partidan, aldiz, afizionatuek jokatuko dute: Ugalde eta Martinez, Errandonea eta Olaizola III.aren kontra. Sarrerak agortuta daude.
Ekitaldi gehiago
Aurten ez dute San Juan krosik egingo Urrestillan. Horren ordez, festen aurreko zapatu arratsalderako haur eta gurasoentzako olinpiadak antolatu dituzte. Plazan dute hitzordua, 16:30ean. Iluntzean, berriz, kantu-jira izango dute, Bentazaharreko Mutiko Alaiekin. 19:30ean hasiko da haien saioa.
Igandean, berriz, jubilatuen eguna ospatuko dute. 12:00etako mezaren ondoren, Sahatsa Dantza Taldeak emanaldia egingo du plazan, 13:00etan. 14:00etan, jubilatuen urteroko bazkaria izango da. Eta, bazkalondoa girotzeko, trikitilariak.
Sanjuanak ostegunean, hilak 23, itzuliko dira Urrestillara, 26an bukatzeko.