Datorren zapatuan, hilak 18, Ingurumena Herritik azoka izango da Azpeitian, eta egun hori aprobetxatuta, konposta egiten duten herritarrei aitorpena egingo diete larunbateko azokako antolatzaileek. Aitorpen ekitaldia 11:30ean hasiko da Sanagustin kulturgunean, eta bertan herritarrei aitorpena egingo zaie hondakinak ongi berziklatzeaz gain, materia organikoarekin egiten duten lanagatik. Horrez gain, konposta egitearen inguruko bideo bat ikusiko dute, eta argazkiarekin eta hamaiketakoaren bukatuko dute ekitaldia.
"Hondakin organikoarekin konposta egiten duten herritarrek eta gainontzekoek hondakin guztia birziklatzen dutenek, udalerriko kostua aurrezten laguntzen dute, baratzetako ongarria sortzen dute eta ingurumena zaintzen laguntzen dute", azaldu dute Ingurumena Herritiken antolatzaileek. Horrez gain, azpimarratu dute, herritar horiek "eredu" direla gaurko gizartean.
Udalari eskaera
Hondakinen bilketari dagokionean Azpeitiko Udalari "isiltasuna behingoz hautsi dezala" eskatu dietela azaldu dute azokaren antolatzaileek: "Udalak epe laburrean adostu dezala % 75 birziklatzea bermatuko duen sistema berria, herritarren parte hartzearekin eta hondakinen bilketa prozesuari jarraipena egingo dion mahai baten bidez", adierazi dute. Bestalde, Azpeitian bezalako "birziklatze tasa baxuak izateak", ingurumenari "zuzenean kalte larria eragiten dioten sistemak ezartzea" dakarrela adierazi dute, "Lapatxeko zabortegia martxan egotea, Kantabriara zaborra eraman beharra, edo Zubietako errauskailua egiteko plana abian izatea".