Espainiako mendiko bizikletako ultramaratoi txapelketan bigarrena izan da Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarra. Zapatuan, hilak 18, jokatu zuten Pedals de Foc Non Stop 217 kilometroko proba, Vielhan (Aran ibarra, Okzitania), goizaldean hasita. Brandan Marquez izan zen aurrena, joan den urtean bezala, eta 10 ordu, 34 minutu eta 58 segungo pasatu zituen galiziarrak ibilbidea bukatzen. Lau minutu eta hamabi segundo gehiago behar izan zituen azpeitiarrak, hau da, 10 ordu, 39 minutu eta 10 segundo.
Mendiko saria, Azpeitira
Iñaki Lejarreta mendiko saria irabazi zuen Albizuk, lasterketako punturik altuenean: Coll de Triador mendian. Sei ordu eta 19 minutu zeramatzaten bizikletan puntu horretara iristean. Hirugarren urtez jarraian irabazi du azpeitiarrak sari hori. Triador mendi gainetik jaisterakoan harrapatu eta pasatu zuen Marquez irabazleak, hain zuzen, Albizu, eta azpeitiarrak ezin izan zuen harrapatu ondoren. Eguraldi hotza eta euritsua izan zuten ziklistek zapatuan, egun guztian zehar. 05:00etan abiatu ziren Vielhatik, euritan; eta halaxe iritsi ziren leku berera, arratsaldean. 800 lagun inguruk parte hartu zuten lasterketan. Albizuk azaldu duenez "gustura" dago eginiko lanarekin; izan ere, oro har, "okerrago" ibiltzen da halako eguraldia egiten duenean: "Coll de Triador menditik jaistean, izoztu egin nintzen; eta, gero, ezin izan nuen nire onera bueltatu". Datorren urtean berriro han izango dela esan du Joseba Albizuk: "Ea postu bat aurreratu dezakedan".