Erika Olaizola: "Frankismoaren auzi sinbolikoa da 'Francoren bilobari gutuna' obra"

Uztarria.eus 2016ko eka. 21a, 11:24

Erika Olaizola aktorea. (Maialen Etxaniz)

Urriaren 31n estreinatuko da Francoren bilobari gutuna antzezlana. Obra horretan lanean ari da Olaizola, Euskal Herriko hiru antzerki konpainiarekin elkarlanean. Horrez gain, Z U L O laburmetraiari "zukua ateratzeko prest" dago, Amancay Gaztañagarekin batera. 

Geldirik egon ezin duen horietakoa da Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) aktorea. Egun, Francoren bilobari gutuna antzezlana prestatzen dabil, Artedrama (Bizkaia), Le Petit Theatre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) antzerki konpainiekin batera. Bestalde, orain arte esku artean izan duen Z U L O laburmetraiari azken ukituak ematen ari da Amancay Gaztañagarekin elkarlanean.

Nola jaso zenuen Francoren bilobari gutuna antzezlanean parte hartzeko deia?

Oso pozik, izugarria izan zen niretzat. Hiru konpainiak elkarlanean aritzen diren hirugarren aldia da hau. Aurrez Errautsak eta Hamlet antzezlanak egin zituzten eta horietan parte hartu zuten aktore asko ezagutzen nituen lehendik. Aulestiko antzerki topaketetan izan naiz lau urtez eta han elkartu izan gara, batzuk irakasle lanetan eta besteak ikasle lanetan ari ginen bitartean. Egun batean antzezlanaren zuzendariaren deia jaso nuen, eta ezin halako eskaintza bati uko egin.  

Zein da obraren ideia nagusia?

Ospitale batean kokatzen da istorioa. Pertsonaia guztiek iraganeko mamuak ezkutatzen dituzte, guztiek dute iraganeko motxilaren pisua gainean. Pertsonaien gainean dagoen laino beltza da frankismoa, hori da ospitalean arnasten dena. Nazismoak, frankismoak ez bezala, historian zehar izan du auzi bat gizarte mailan. Obra hau, frankismoari egiten zaion auzi sinbolikoa da.   

Zerk bereizten du obra hau orain arte egin dituzun besteengandik?

Lan metodologiak. Niri deitu zidatenean ideia bat zen mahai gainean zegoena, eta gu joan gara pixkanaka ideia hori garatzen eta gorpuzten, jolasean nahiz inprobisatzen. Igor Elorza eta Unai Iturriaga dira idazleak. Aktoreak eta idazleak elkar elikatzen gara, elkarri lan egiteko materiala ematen diogu. Bestalde, azpimarragarria da hiru antzerki konpainiek, elkarlanean ari direnean behintzat, egonaldika funtzionatzen dutela. Hau da, aktore guztiak astebetez elkarrekin bizitzen gara eta denbora tarte hori da obra prestatzeko erabiltzen duguna. Aste jakin batzuk zehaztu ditugu egonaldiak egiteko, Azpeitian urrian egingo dugu. Egonaldia amaitutakoan deskonektatzeko garaia izaten da, hurrengo egoraldira arte. Hori niretzat berria da.

Udazkenean estreinatuko da antzezlana. Estreinaldiaren ondorengo agendaren berririk ba al duzu?

Luhuson estreinatuko da lehen aldiz Frankoren bilobari gutuna obra, eta udazkenetik maiatzera bitartean 40-50 emanaldi inguru eskainiko ditugu. Azpeitira ere egin beharko dugu bueltaren bat...

Z U L O ere, Frankoren bilobari gutuna bezala, elkarlanean eraiki duzun proiektua da.

Amancay Gaztañaga eta biok Donostiako Aste Nagustian kafe bat hartzen ari ginela otu zitzaigun ideia. Erraldoien eta buruhandien erdian topatu ginen bat-batean, eta hori izan zen gure inspirazio iturria. Lagun arteko ideia zoro batetik abiatutako proiektua izan da, maitasun askorekin egin duguna. 

Zer kontatzen du  Z U L O-k?

Motzean esanda, buruhandi baten eta gizaki baten arteko maitasun istorio bat da. 

Behin ikus-entzunezkoa amaituta, zer asmo dituzue orain?

Gure helburua da Z U L O mundu mailan ahalik eta gehien zabaldea, maitasun askorekin egin dugulako. Horretarako informatu egin behar gara orain, ikus-entzunezkoen jaialdietara nola iritsi jakiteko eta. Orain ateak jotzea tokatzen zaigu.

Izan al duzue laguntzarik laburmetraia ekoizteko unean? 

Hasiberriak gara ikus-entzunezkoetan, eta orain egindako lana hobetzeko asmotan ari gara. Guk ideia izan eta gidoia idatzi genuen, baina asko lagundu digute Amancayren lagun batzuk, Bilbon estudio bat dutenak. Publizitate lanetan-eta arituta zeuden lehendik, baina inoiz laburmetraia bat ekoiztu gabeak ziren eta gogoz hartu zuten gurekin lan egitea. Euskarri tekniko guztia beraiek jarri dute eta edizioan ere eurak aritu dira lanean. Bestalde, gure gertuko jendea aritu da aktore lanetan: nire ama eta aita, Zestoako antzerki eskolako ikasle asko, lagunak, ezagunak... Oso babestuta sentitu gara eta jendea beti izan da laguntzeko prest. Horregatik, jaso dugun babes guztia eskertzeko, Azpeitian ere aurkeztu nahiko genuke laburmetraia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide