Atzeratuen paradisutik

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2016ko eka. 23a, 18:50

Atzeratuak, akatsdunak edo dena delakoak gero-eta gehiago daude gure herrian beste gainerakooi zerbitzua ematen: supermerkatu bat ere badaukagu atzeratuek daramatena; liburutegian aritzen denik ez da falta; gasolindegian ere egiten dute lana, eta dena hola aizue, gero-eta gehiago. Aspaldi hasi ziren lantegian lanean; orain jendeari zerbitzua ematen jarri dituzte: horixe da aldea. Eta esan beharra dago lan polita egiten dutela oro har, eta lan hutsaz gainera, beste konfiantza eta argitasun bat ematen digutela ere esango nuke. Ikasi ere egiten ditut nik haiekin jende aurreratu edo normalarekin ikasiko ez nituzkeen gauzak; adibidez: lehengo batean gasolindegian ikasi nuen "teklak agintzen diola pertsonari"; kobratzen ari zena hor ari zen kobra-makinako teklak jo eta jo, sekula bukatzen ez diren operazio horiek egin eta egin, eta orduan ustezko atzeratu horietako batek bota du teklak agintzen diola pertsonari; hau da: teklak esaten diola pertsonari zer egin behar duen, eta ez pertsonak teklari.

Ikasi ez ezik, argitu ere egiten da bat ustezko atzeratu hauekin. Alaiak dira haietako asko, eta parrea axalean daramatenak. Badira mundu guztiari kaso argi-argi egiten diotenak, eta edozeini aurpegira lasai eta gozo begiratzen dakitenak ere. Esan liteke lehorkeria normal aurreratuaren erdian, atzeratu hauexek direla noizbaiteko gozotasun eta jendetasun indiskriminatuari eutsi dioten bakarrak. Eta beharbada horrexegatik ez dituzte jartzen jeneralean jendeari kobratzen; holako lanetan ez da nonbait jende alaiegia komeni. Lehengoan esaten zidan lagun batek atzeratuek kudeatutako lekuetan kobratzen egoten den jende normal-aurreratu horrek jende lehorra eta nazkatua dirudiela, eta ni gelditu nintzen pentsatzen munduko ekonomiak asko irabaziko lukeela oraingo kudeatzaile eta exekutibo lehor-nazkatuen tokian ustezko atzeratu hauek jarriko balira. Bo, agian ekonomiak ez luke irabaziko, baina jendeak bai, mundu zabaleko jendeak bai, bihotzez —eta buruz ere hor nonbait— gu baino askozaz argiagoak diren atzeratu hauen eskura jarrita. Eta munduko ekonomia eta holako ur haundietan sartu gabe ere, iruditzen zait mereziko lukeela, aproba egite aldera, ustezko pertsona aurreratuen tokian ustezko atzeratu alai eta argi hauek jartzea agintzen eta kudeatzen, non? eta bankuan, udaletxean, eskoletan, elizan, trafikoa zuzentzen edo sexu aholkularitzan, konparazio batera. Beste mundu bat posible dela sinistu nahi genukeenok gustora hartuko genuke aproba hori: orain agintzen duten "paperik gabeko atzeratu" askoren tokian, diagnostikatu gabeko atzeratu askoren tokian, atzeratu argi eta garbiak jartzea litzateke funtsean egiten hasi beharreko aldaketa.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide