Bihar eta etzi, ekainak 25 eta 26, egingo dira herrian Iraurgi Saskibaloiak antolatutako Saskibaloi Topaketak. Bosgarren edizioa beteko dute aurten topaketek eta bederatzi klubek hartuko dute parte. Guztira, 2005, 2006 eta 2007 urteetan jaiotako 330 ume elkartuko dira bertan.
Azpeitiko eta Azkoitiko neska eta mutilekin osatutako taldeekin ariko den Iraurgiz gain, beste zortzi klubetako taldeek hartuko dute parte Saskibaloi Topaketetan: Hondarribia, Burlata, Balmaseda, Donostiako Easo eta Askatuak, Ordizia, Durangoko Tabirako eta Bartzelonako Basket Almeda.
Zapatuan, 09:00etan hasita, goiz eta arratsaldez jokatuko dituzte multzokako faseko partidak, kiroldegian eta Urola Ikastolan. Eguerdian, parte-hartzaile guztiak Sanagustin kulturgunean elkartuko dira, bazkaltzeko. Igandean, berriz, finalaurrekoak eta finalak izango dira, bai kiroldegian eta bai Urolan. Topaketak sari banaketa ekitaldiarekin itxiko dituzte, kiroldegian, 14:00etan.