2014. urtean eman zuten hainbat gaztek Azpeitian batukada sortzeko lehen pausoa, Gaztetxearen 9. urteurrenaren bueltan. Hamarnaka lagun animatu zen orduan berrerabilitako materialarekin prestatutako doinuak herriko kaleetan zabaltzera. Taldearen lehen agerraldiak izan zuen arrakasta ikusita, urte bereko uztailaren 31n ere, Txomingeroetan, kalera irten ziren batukadako kideak, festa giroa geroz eta gehiago alaitzeko asmoz.
Aurten, egitasmoari berriro heldu eta batukada taldea berpizteko asmoa dugu Haujijijaik eta Gaztetxeak, elkarlanean. Martxan hasteko lehen bilera eta entsegua datorren ostiralean, uztailaren 1ean, izango da, Gaztetxean, 19:00etan hasita. Entsegu egunak eta bakoitzak joko duen instrumentua zehaztuko dira bertan. Hala ere, gomendatzen da kuboak eta antzerako materiala eramatea.
Gaztetxearen 11. urtemugan eta Marea Arroxan irtetea da asmoa, printzipioz. Horregatik, datak gerturatzen ari direlako, martxan jartzea erabaki dugu. Gazte eta erritmo zale, orain dela bi urte sortu zen txispa horri su emateko garaiz gabiltza oraindik, beraz, animatu!