Gaur egun ezinbestekoa da etengabeko berrikuntza, ohiturak eta teknologiak abiadura handian aldatzen ari dira eta. Urola Kostako Hitza ez dago errealitate horretatik at. Kalitatezko informazioa irakurleen esku jartzeko konpromisoan oinarritzen dira gure berrikuntzak, eduki bizi eta landuak eskainiz euskarri guztietan. Berrikuntza batzuk jada martxan dira (Zarauzko Hitza webgune propioa, Urola Kostako Hitza webgunea urte osoan etenik gabe martxan, mugikorretarako aplikazioa...) eta beste batzuk bidean dira.
Hedabideak aldatzen ari dira, hori jakina da. Kontsumo ohiturak ari dira aldatzen, oro har. Berritzea ezinbestekoa da, teknologikoki ez ezik beste hainbat arlotan ere garatuz joatea ezinbestekoa da. Eta berritzeko eta garatzeko, beharrezkoa da sektorearen eta administrazioaren artean gogoeta sakona egitea, hausnarketa egitea eta aztertzea nola garatuko dugun Urola Kostako esparru komunikatiboa, nola egingo ditugun gero eta eraginkorragoak gure komunikabideak, nola sortuko proiektu berriak, nola sortuko tresna berriak egoera komunikatibo berriei erantzuteko.
Urola Kostako Hitza-k, ohi duen bezala, 2015eko kontuak eta 2016ko egitasmoa aurkeztu dizkie eskualdeko udalei urteko lehen sei hilabeteen barruan. Neurri batean edo bestean, guztiek onartzen dute proiektuaren garrantzia; baina badira guretzat kezkagarriak diren hainbat erabaki. Zumaiako Udalak, adibidez, nabarmen jaitsi du proiektuari ematen dion diru-laguntza (28.000 eurotik 10.000 eurora). Autofinantziazioaren bidean urratsak ematen ari gara, baina oraindik euskarazko komunikabideek dugun merkatuak ez ditu gure proiektuak bideragarri egiten.
Orain 14 urte eskualdeko komunikabideek sortu zuten Urola Kostako Hitza: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Txaparro (Zarautz), Uztarria (Azpeitia) eta Danbolin (Zestoa), Berria Taldeko Bertako Hedabideakekin batera. Eskualdeko gainontzeko komunikabideekin ere (Orio eta Aiako Karkara, Azkoitiko Maxixatzen eta Erlo Telebista) elkarlanean aritzen gara era batera edo bestera. Aurrera egiteko ideiak eta indarra ez zaizkio falta Urola Kostako Hitza-ko taldeari (hamahiru langile eta kolaboratzaile sare zabal bat). Aurrera egiteko indarra badugu, elkarlanetik. Sinergiak baliatu nahi ditugu euskarazko eskaintza komunikatiboa hobetzeko.
Arestian esan bezala, perspektiba estrategikoa, epe luzerako begirada behar dugu. Benetan pentsatzen badugu proiektu hau eta proiektu hau osatzen dugun eragile bakoitza ezinbestekoa dela, ezinbestekoa hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik edo eskualde ikuspegitik, ezinbestekotasun horri erantzun egin behar zaio, eta diru-laguntzen bidez (ere) sektore honen egonkortasuna lortu.