Beharra duten adineko herritarrei diru-laguntzen berri eman nahi diete Udalak eta Baigerak

Uztarria.eus 2016ko uzt. 1a, 11:33

Udalak eskaintzen dituen diru-laguntzak "eskubideak" direla iritzita, horien berri eman nahi diete adineko herritarrei, "ahalik eta bizi baldintza duinenak izan ditzaten". Horretarako, eskuorriak banatu dituzte etxez etxe. 

Azpeitiko Udalak, hainbat laguntza eskaintzen dizkie jubilatuei, pentsionistei eta adinekoei, Gizarte Zerbitzuen bitartez. Horiei eta beharrean dauden adineko herritarrei, jaso ditzaketen diru-laguntzen berri eman nahi diete Udalak eta Baigerak, "ahalik eta bizi baldintza duinenak izan ditzaten". 

Herriko pobreziaren inguruko txostena egin zuen Udalak aurreko legegiltzaldian, eta txosten horretan bildutako datuen arabera "probezian zegoen herritar asko" adineko jendea zela azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. "Datuek benetan kezkatu gintuzten, eta beharra duten herritar horiengana iristeko bide ezberdinak lantzeko konpromisoa hartu genuen Udalak eta Baigerak, elkarlanean. Denborarekin konturatu gara, baina, jende hori detektatzeko eta beraiengana iristeko zailtasunak ditugula", adierazi du Elduaienek.

Diru-laguntzak eskatu ez dituzten adineko pertsonek horretarako bi arrazoi izan ditzaketela uste dute Udalak eta Baigerak. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuek diru-laguntzak eskaintzen dituztela ez jakitea, eta bestetik, laguntzen berri izanda ere, horiek eskatzeak "erreparoa" ematea. "Behin bi profil horiek identifikatuta, diru-laguntzen berri ez duten herritarrei informazioa ahalik eta modu sinpleenean eman nahi diegu", azaldu du Estitxu Elduaienek. Horregatik, eskuorriak banatu dituzte etxez etxe, eskaintzen diren diru-laguntzen berri emateko eta eskaerak egiteko bete beharreko baldintzak azaltzeko.

"Helburua da adineko herritarrengana iristea eta laguntzak jasotzeko eskubidea dutela jakinaraztea, ahalik eta baldintza duinenean bizi daitezen", azaldu du Maria Luisa Oiarzabal Baigerako lehendakariak. Horrez gain, "hau hasiera besterik ez" dela esan du Oiarzabalek, "Azpeitian pobreziarik ez egoteko ezinbestekoa baita herritarrak informatzen jarraitzea". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide