Iraurgi taldean hasi zineten saskibaloian, ezta?
Eneritz Larrañaga: Eskola kirolean hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Iraurgiko teknifikazio eskolan hasi nintzen gero, eta, mailaz maila, gaur arte. Aurten emakumeen lehen taldean ere aritu naiz, eta Espainiako Emakumeen Lehen Maila probatu ahal izan dut. Gustura aritu naiz. Gainera, pixka bat jokatzeko aukera izan dut, eta ederra izan da.
Aitor Zubizarreta: Anaia nagusia saskibaloian hastean, haren partidak ikustera joaten nintzen, eta orduan izan nuen lehen harremana saskibaloiarekin. Gainera, etxean ere saskibaloi zaleak ziren familiakoak. Haurra nintzela, teknifikazioan hasi nintzen, eta 18 bat urtera arte aritu nintzen Iraurgin.
Eta, bat-batean, Azpeititik Ameriketako Estatu Batuetara.
A.Z.: Bi urtez Portlandeko Unibertsitateko taldean aritu nintzen. Izan ere, beka bat eskaini zidaten han ikasteko eta Portland Pilots-ekin NCAA-1 ligan jokatzeko. Iaz, Idaho Collegerekin fitxatu nuen; NAIA ligako taldea da —NCAA-2 mailaren parekoa—. Portland Pilots-en ez nuen nahi adina jokatzen, eta taldez aldatzea erabaki nuen. Asmatu nuen, orain gehiago jokatzen baitut. Orain, urtebete geratzen zait, gehienez lau urtez joka daiteke-eta liga hauetan. Ikasketak bukatu gabe gelditzen bazara, ikasten jarrai dezakezu ordainduta, baina ez dute saskibaloian jarduten uzten.
E.L.: Ni Northeastern Oklahoma A&M College taldearekin ariko naiz datozen bi urteetan, gutxienez. Hasieran, unibertsitateek eskaintzak egin zizkidaten, baina esan zidaten bidali nizkien bideoekin ez zirela oso gustura gelditu, eta hobe nuela college batera joatea. Maila baxuagokoak dira college-ak. NJCAA ligan ariko naiz, eta esan zidaten han pare bat urte egindakoan aldatu ahalko nuela taldez. Ikusiko dugu aurrerago unibertsitateek eskaintzarik egiten didaten.
Alde handia al da hemengo eta hango saskibaloiaren artean?
A.Z.: Entrenamendu dinamika oso desberdina da. Goizean 07:30ak aldean entrenamendu saioa egiten dugu. Gero, klasera joaten gara, eta, arratsaldean, berriz entrenatzen gara. Egunero bi entrenamendu egiten ditugu, eta astean ligako bi partida jokatzen ditugu. Igandeak ditugu deskantsatzeko. Diziplina eskatzen dute. Gainera, gutxieneko nota atera behar da saskibaloian aritzeko; hori lortu ezean, ligak ez dizu uzten jokatzen.
Zaleei dagokienez ere, desberdina da. Portland Pilots-en jokatzen nuenean, astero telebistan ematen zituzten partidak. Haiekin jokatu nuen lehen partidara 20.000 ikusle bertaratu ziren. Partida aurretik entrenatzera joan eta ilarak zeuden kiroldegira sartzeko. Oraingo taldearekin desberdina da, 2.000 lagun-edo joaten dira neurketak ikustera. Hala ere, asko dira. Jokoari dagokionez ere desberdina da hango saskibaloia: jokoa azkarragoa da, eta fisikoki prestatzeari garrantzi handia ematen diote.
Elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.