Iritsi da amaierara Azpeitiko XVII. Erremonte Txapelketa, eta gaur, uztailak 1, jokatuko dute finala Izarraitz Pilotalekuan. 18:30ean hasiko da jaialdia, eta bi partida jokatuko dituzte. Txapelketan zehar izan diren hainbat baja eta lesioren ondorioz, aldaketak egin behar izan dituzte bikoteen osaketan.
Aurreneko partidan, txapelketako hirugarren eta laugarren postuengatik lehian arituko dira Matxin III.a eta Zubiri Ansa II.a eta Larrañagaren aurka. Finalean, berriz, Utergak eta Zalduak parez pare izango dituzte Otaegi eta Ion.
Maiatzaren 27an hasi zen Azpeitiko XVII. Erremonte Txapelketa eta guztira sei bikotek hartu dute parte, bi taldetan banatuta. A taldean aritu dira, Etxeberria IV.na, Zaldua, Matxin III.na, Labaka, Otaegi eta Ion. B taldea osatuko dute, aldiz, Matxin VI.nak, Agirrezabalak, Segurolak, Aizpuru III.nak, Ansa II.nak eta Larrañagak.
Iaz, Ansa II.a eta Agirrezabalak irabazi zuten Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketa.