Azpeitiak Zigoitiaren kontra jokatuko du Euskal Herriko Herriartekoaren finalerdia

Uztarria.eus 2016ko uztailaren 4a

Ilunpekoak Atanon, atzo, Gipuzkoako Herriartekoaren garaikurrekin.

Arabako txapelduna da Ilunpekoen aurkaria. Joaneko partidak asteburu honetan jokatuko dituzte, Frontoi Txikian; itzulerakoak, berriz, hurrengoan izango dira.

Atzo, igandea, Gipuzkoako txapela bosgarrenez jantzi ondoren, gaur ezagutu dute Ilunpe elkartekoek Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalaurrekoetan izango duten aurkariaren izena. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako txapeldunek jokatzen duten txapelketaren zozketa egin du Euskal Herriko Pilota Federazioan; eta Arabako txapeldunaren kontra, Zigoitiaren kontra, jokatuko beharko du Azpeitiak.

Kanporaketaren joaneko partidak asteburu honetan jokatuko dituzte, Frontoi Txikian; eguna eta ordua zehazteko dituzte. Itzulerakoak, berriz, hurrengo asteburuan izango dira, arabarren etxean.

Igandeko harreran Euskal Herriko Txapelketaren finala uztailaren 23an izango zela aurreratu zuten Ilunpekoek, baina momentuz hori ere zehaztu gabe dute Euskal Herriko Federazioan. Asteburu horretan izango da, hori bai, 22an, 23an edo 24an; finalaren egoitza ere ez dute iragarri.

Doneztebe (Nafarroako txapelduna) eta Markina-Xemein (Bizkaikoa) lehiatuko dira txapelketaren beste finalaurrekoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide