"Herriko berdeguneen zaintza lanetatik harago", berdeguneen inguruko plan integrala egiten eta gune horieek bere osotasunean aztertzen hasi zen Azpeitiko Udala duela hilabete batzuk. Horretarako "mahai bat" sortu dutela jakinarazi dute.
"Garatutako hirigintza ereduak ibilgailuen mugimenduari eman izan dio garrantzia eta baita instalazio sare egokiak izateari ere. Ondorioz, herrietako berdeguneen azalera eta lurren hedadura mugatzen joan da", azaldu dute Udaletik. Naturguneek herritarrei "onurak eskaintzen" dizkietela uste dute, ordea. Horregatik jarri dute martxan horien gaineko plan integrala, herriko berdenguneen zaintza lanez aparte.
Plan integral horren baitan, zuhaitzen kudeaketari ekin diote dagoeneko. "Ez geunden gustura zuhaitzen kudeaketarekin, eta berdeguneen altxorrik handiena zuhaitzak izanik, gai horri lehenbailehen heldu nahi izan diogu", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Udalaren "lehentasuna" Loiolako etorbideko ezkiak izan direla azaldu du Labakak, "ez daudelako egoera onean". Hala, datozen egunetan Loiolako etorbideko hainbat zuhaitz botako dituztela jakinarazi dute: "Aditu batekin elkarlanean hainbat neurri hartzea erabaki dugu. Orain gutxi bi zuhaitz erori dira, eta beste zenbait zuhaitzen egoera ere txarra dela konturatuta geunden. Horregatik, herritarren segurtasunerako, ahalik eta azkarren kentzea erabaki dugu".