Hilaren 16ra arte eskatu daiteke GKEetan eta kooperante jarduteko diru-laguntza

Uztarria.eus 2016ko uztailaren 7a

Estitxu Elduaien eta Ainhoa Beristain zinegotziak.

Udalak 90.000 euro bideratuko ditu Gobernuz Kanpoko Erakundeei laguntzen dieten azpeitiarren proiektuak sustatzera. Aurten, lehen aldiz, kooperante gisa joan nahi duten norbanakoak ere lagunduko dituzte diruz. 

Dagoeneko zabalik da Gobernuz Kanpoko Erakundeetan (GKE) eta kooperante bezala garapen bidean dauden herrialdeetan lanean aritzeko diru laguntzak eskatzeko epea, eta uztailaren 16ra arte izango da zabalik. Guztira 90.000 euro bideratu ditu Azpeitiko Udalak gobernuz kanpoko erakundeei laguntzen dieten azpeitiarren proiektuak sustatzera. 

Aurten diru laguntzen eskaintza zabaldu dute, eta beraz, kooperante bezala atzerrira joan nahi duten norbanakoek aukera izango dute laguntzak eskatzeko. Hainbat baldintza bete beharko dituzte horretarako: atzerrira gutxienez lau hilabetez joatea eta eskaera orria uztailaren 16a baino lehen udaletxean aurkeztea; proiektua beranduago aurkezteko aukera izango dute. Bestalde, GKE moduan edo kooperante bezala laguntzak jasotzeko, beharrezkoa izango da proiektuak 2016an hastea.  

Laguntzak banatzerakoan hainbat baloreetan oinarritutako proiektuek  lehentasuna izango dutela azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak, giza eskubideak susatzea edo demokraziaren balioen garapena esaterako. Horrez gain, "oinarrizko beharrak asetzeko" bideratutako proiektuak lehenetsiko direla adierazi du, besteak beste, osasunarekin eta hezkuntzarekin lotura duten egitasmoak.

Diru-laguntzen garrantzia nabarmendu du Estitxu Elduaienek, eta adierazi du dirua "mundua hobetzen laguntzera" bideratu nahi dutela."Ezinbesteko ardura soziala iruditzen zaigu hobeto bizi garen biztanleek gehiago behar dutenei laguntzea", adierazi du Elduaienek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide