Azken denboraldietan, sarri ikusi ditut prentsan Iraurgiren lorpenak, gora eta gora egin dute etenik gabe, gailur batzuk zapalduz. Lorpen guzti horiek, argazki horiek, laudorio eta loreak, atzetik izugarrizko lana dute, batzutan emaitzak datoz eta beste batzutan ez, baina lana antzekoa da, akaso aldatzen dena, lanerako motibazioa izan daiteke.
Garai hartan egin nituen lagun asko geratzen zaizkit oraindik, lagun izenarekin lotzen ditudanak, oraindik elkarren arteko konplizitatea mantentzen dugunak, eta tarteka parrandaren bat egiten dugunak elkarrekin. Batzuk, bizitza nola den, ezinbesteko lagun ditut, Iker, Eider. Ezingo nituzke ene bizitzatik urte haiek kendu, ezta ametsik txarrenean ere, orduan, eta batik bat ondoren, eman didatena ez nukelako aldatzerik nahi. Ezagutu nituenean zuten adinarengatik izan daiteke, edo beraiek ziren bezalakoak zirelako, orduan nire bizitza zegoen egoerarengatik, edo dena ongi amaitu zelako, baina posible da besterik gabe, jende on ugari elkartu izana, kasualitatez.
Inoiz ez naiz ezertan irabazle izan, eta urte haietan, talde honi esker, aurrenekoz gauzak irabazi nituen, baina emaitzak alde batera utzirik, garrantzitsu sentitu nintzen, talde baten zati eta zerbaiten eragile. Sarritan, kiroldegira joaten naiz, eta han ikusten ditut batzuk oraindik jokatzen, beste batzuk entrenatzaile lanetan, edo ikusle. Kanpotik ikusita xelebre xamarra dirudien arren, badakit besarkadaren bat jasoko dudala, adarra joko didatela eta diedala, irribarreren bat aterako didatela eta jaurtiketaren bat egingo dudala, nahiz eta abilezia handirik ez izan.
Hasieran, Iurgiren laguntzaile modura; ondoren, Davidekin, estadistikak hartzen; Xabirekin gazteen preparazio fisikoa lantzen; garagardo azokan; Gipuzkoako selekzioan esku bat botatzen. Mundu bat ezagutu nuen, lana egiteko modu bat, saskibaloiaz apur bat ikasi nuen, ez asko, eta esperientzia itzela izan zen ondoren neure proiektu asko aurrera ateratzeko. Esan dezaket, egun, han jasotako lekzio ugari ditudala zutabe, eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen.
Merezitako lekuan
EBA ligara igo direnen argazkia ikusi dut, eta aurreko urtean, neskek LF2-ra igotzean ikusitakoarekin gertatu zitzaidanaren antzera, neure lizentziatxoa hartu dut pozteko, beraien pozaren zati bat neuretzako hartzeko eta harro sentitzeko beraiengatik. Ongi mereziak dituzten lorpenak dira, herriko jokalariz eta entrenatzailez osaturiko taldeak, apurka apurka beraien eskailerak igotzen joan direnak, duten maila erakusteko aukera izan dutenak, orain tokatzen zaien erakusleihoan daude.
(184. Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da honakoa).