Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak duela aste batzuk atzera bota zuen Pasaiako segadaren auzia ez artxibatzea eskatzeko Azpeitiko Udalak eta segadan hildakoen senideek jarritako helegitea. Ekainaren 22an jakin zuten berria segadan hildakoen senideek, eta erabaki hori salatzeko kontzentrazioa deitu dute uztailaren 20rako, asteazkena. Hain zuzen, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, 11:30ean hasita.
"Ez dugu nahi auzia artxibatzerik, auziak zabalik jarraitzea nahi dugu. Benetan ikertu dadin eskatzen dugu, gertaerak benetan nola izan ziren argitu arte. Horregatik salatu nahi dugu auzia artxibatzearen gaineko erabakia", azaldu dute segadan hildakoen senideek.
Joan den otsailean Pasaiako segadan hildakoen senideek kasua artxibatzearen kontra agerraldia egin zuten. "Justizia eta erreparazioa lortu arte" etsiko ez zutela adierazi zuten orduan, eta epaitegietako bidea "azkeneraino" eramateko asmoa zutela adierazi zuten. Modu horretan, helegitea behin betiko atzera botako balute, Espainiako Auzitegi Gorenera edo Europara jotzeko asmoa dutela jakinarazi zuten.
Pasaiako segada 1984ko martxoaren 22an izan zen, goizaldean. Espainiako Poliziak operazioa egin zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako talde baten kontra. Orduko hartan Rafael Delas, Pedro Mari Isart Pelitxo, Dionisio Aizpuru Kurro eta Jose Mari Izura hil egin zituzten poliziek.
Autobusa Azpeititik
Azpeititik Donostiako kontzentraziora joateko autobusa antolatu dute, eta dagoeneko eman daiteke autobuserako izena, Orkatz eta Urtzi tabernetan. Autobusa asteazkenean bertan irtengo da 10:00etan Etxe-Zuri aurretik.