Bart gauean Nizan (Frantzia) izandako erasoak salatu ditu Azpeitiko Udalak, eta "elkartasuna eta doluminak" adierazi dizkie erasoetan hildakoen lagun eta senide guztiei. "Erasoetan zauritutakoak ahalik eta azkarren osatu daitezela espero dugu. Guztiei gure babesa agertu nahi diegu, eta erabateko irmotasunez salatu nahi ditugu eraso onartezin horiek", adierazi du Udalak.
"Halako erasoek sakontasuna eta hausnarketa eskatzen" dutela azpimarratu dute: "Injustiziak eta giza-eskubideen urraketak etenik gabekoak dira, eta denek merezi dituzte isiluneak eta salaketak". Horrez gain, "ezin dugu erasoak gertu tokatzen zaizkigunean bakarrik erreakzionatu", adierazi dute, eta munduko herritar guztien "giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa" dela, esan dute.
"Munduan zehar gertatzen diren eskubide urraketa guztiak salatu nahi ditugu, gerrek eragindako biktima guztiak oroitu eta gerra gehiago ez izateko aldarrikatzeko. Ez dadila inon berriro gertatu", adierazi du Udalak.