Bederatzigarren urtez jarraian, Marea Arroxak Bakailao Txapelketa antolatu du abuztuaren 1erako, eta izen-ematea zabalik da dagoeneko. Atzo, osteguna, aurkeztu zuten aurtengo txapelketa Zulo-Zabal soziedadean. Iaz elkarte horretako kideek irabazi zuten Bakailao Txapelketa, eta horregatik egin zuten agerraldia soziedade horretan.
"Aurtengo edizioan ere parte hartze handia espero" dutela adierazi dute Marea Arroxako kideek, eta herritar guztiak txapelketan parte hartzera deitu nahi dituzte.
Uztailaren 28ra arte eman daiteke izena txapelketan, norbanako bezala edota elkarte gisa. Horretarako, 943-15 70 68 edo 688-89 37 32 telefono zenbakietara deitu behar da. Parte hartzea mugatua izango da, eta 40 taldek hartuko dute parte gehienez. Txapelketan "sukaldari profesionalek ez beste edonork" har dezake parte, eta "sukaldean egunero lanean ari diren emakume eta gizon guzti horiei" dei egin diete Marea Arroxako kideek "festa giroan euren abileziak plazaratzeko".
Txapelketaren inguruko xehetasunak
Bakailao Txapelketa 11:00etan hasiko bada ere, sukaldariak 10:45erako plazan egon beharko dute. Festa batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa emango dizkie parte hartzaile guztiei, baina norbanako, talde edo elkarteek beste osagairen bat erabili nahiko balute, eurek eraman beharko dutela azaldu dute Marea Arroxako kideek. Suak eta mahaiak bertan egongo dira eta ontzi eta gainerako material guztia parte-hartzaile bakoitzak eraman beharko du.
Talde bakoitza bi minutuko tartearekin hasiko da bakailaoa prestatzen eta 40 minutu izango dituzte kilo bakailao pi-pil eran prestatzeko. Behin bukatutakoan, saukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein izango den IX. Bakailao Txapelketako platerik onena. Epaimahaiak, "aurkezpena, saltsa eta zaporea" baloratuko dituztela azaldu dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek.
Lehen sailkatuak txapela eskuratuko du eta baita Kiruri jatetxean lau lagunentzako otordua ere. Bigarren sailkatuak, kriantza ardo botila bat eta bi txuleta eramango ditu eta hirugarren sailkatuak, berriz, bi lagunentzako otordua jasoko du Sagasti-Zahar jatetxean. Elkarte irabazleak, aldiz, Bakailao Txapelketako goilare erraldoia eskuratuko du. Azken bi urteetan Zulo-Zabal elkarteak eskuratu du goilarea.
Txapelketa amaitutakoan, bertaratutakoek nahiz parte-hartzaileek prestatutako platerak "dastatzeko aukera" izango dutela azaldu dute Marea Arroxako kideek. Azoka Plazan izango da bazkaria eta 200 lagunentzat tokia egongo da bertan.