Azkeneko urteetan errekortarien lehiaketa bihurtu da Azpeitiko festetako ekitaldirik erakargarrienetako bat. Datorren uztailaren 25ean (astelehena) izango da aurtengo saioa, Toropasion enpresak eta Zezen Beltz Azpeitiko elkarteak antolatuta, zaleen gozamenerako. Uneko hamabi lagun onenak ariko dira, adore eta arte erakusketa eginez Toropasion finkako sei zezen ikusgarrien aurrean. Errekortarien txapelketak ikusmin handia pizten du eta une zirraragarriak sortu izan ditu azkeneko urteetan Azpeitiko zezen plazan; urtero bete egiten da.
Lehiaketaren formatu ikusgarria
Lehiaketa sistema bizi bat izango da uztailaren 25eko saioan, eta ikusleek emozioz eta arriskuz betetako ikuskizun batez gozatuko dute. Hain zuzen, hamabi errekortariak lau laguneko hiru multzotan banatuko dira lehenik; talde bakoitzak zezen bat izango du. Talde bakoitzeko bi onenak ondorengo fasera pasatuko dira. Bigarren fasean, hiru errekortariz osatutako bi talde ariko dira, eta talde bakoitzak zezen bana izango du. Azkenik, talde bakoitzeko onenek, buruz buruko finala jokatuko dute zezen baten aurrean.
Parte hartzaileek errekortea gutxienez behin egin beharko dute, hori baita lehiaketa mota honen funtsa. Baldintza hori bete behar dute, beraz, eta, horrez gain, nahi adina errekorte edo jauzi egin ditzakete.
Sei zezen
Guztira, sei zezen bikain izango dira Santio Egunez, Toropasion finkakoak. Guztiak ere planta ederrekoak, eta halako saioetan jokoa ematen dutenak. Haien artean Conde Cabral eta Manuel Agostinho Pontes Dias ganadutegiko zezenak plazaratuko dituzte.
Maila handiko errekortariak
Hamabi errekortariak zirkuituko momentuko espezialistarik onenak izango dira. Besteak beste, Jonatan Estebanez Peta –errekortarietan bi aldiz Espainiako txapeldun izandakoa–, Eusebio Sacristan Use –corte puro ligako txapelduna 2015ean–, Dany Alonso –Espainiako txapelduna 2014an–, Juan Nieto –2014an Azpeitian bigarren–, Alberto Cozar –iaz Espainiako txapelduna–, edo Azpeitiko azken bi saioen irabazle Paquito Murillo.
Pedro Miguel Carolino portugaldarra da aurtengo ustekabe atseginetako bat, eta debuta egingo du Azpeitian; haren maisutasunak ikusmin handia sortu du zirkuituan, Madril edo Zaragoza bezalako plaza garrantzitsuetan zaleak ezustean harrapatuz. Gazte hark aurkari gogorrak izango ditu Saul Rivera, David Ramirez Peque beteranoa edo Sergio Valle gasteiztarra.
Parte hartzaileen zerrenda
Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril, Espainia).
Sergio Valle (Gasteiz, Euskal Herria).
Alberto Cozar (Yeste, Albacete, Espainia).
David Ramirez Peque (Arganda del Rey, Madril, Espainia).
Dany Alonso (Vezdemarban, Zamora, Espainia).
Pedro Miguel Carolino (Vila Franca de Xira, Portugal).
Saul Rivera (Peñausende, Zamora, Espainia).
Paquito Murillo (Humanes, Madril, Espainia).
Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia).
Juan Nieto (Museros, Valentzia, Herrialde Katalanak).
Jose Manuel Gonzalez Nieto (Vall de Uxo, Castello, Herrialde Katalanak).
Cristian Blanco (Vall de Uxo, Castello, Herrialde Katalanak).
Sarrerak
Uztailaren 25eko ikuskizunerako sarrerak salgai daude: Azpeitiko udaletxe azpian sarrera numeratuak (gaur, eta 21, 22, 24 eta 25ean), eta numeratu gabeak herriko Pastorkua, Harzubia, Jim Clark, Juantxo Txiki, Eguzkitza, Kantoi, Iraurgi SB, Azpeitia, Ametsa eta Etxe Zuri tabernetan, eta Azkoitian, Elurren. Xehetasunak: zezenbeltz.com, eta zalantzak-eta argitzeko aurten telefono / whatsapp zenbaki bat jarri dugu: 717 770 069
Azpeitiko Udala saioaren laguntzailea da.
Informazio gehiago: zezenbeltz.com, toropasion.net eta 609319468