Paquito Murillo: "Errekortariontzat oso plaza ona da Azpeitikoa"

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2016ko uzt. 20a, 10:56

Paquito Murillo errekortaria eta Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udal Festa batzordeburua, iaz.

Paquito Murillo errekortaria (Humanes, Madril; 25 urte) izan da Azpeitiko azkeneko bi urteetako lehiaketen irabazlea (iazko bideoa). Aurten laugarren aldiz etorriko da (hilaren 25ean izango da saioa; 18:30ean). Elkarrizketa txiki bat egin dio Zezen Beltzek.

Zer oroitzapen dituzu Azpeitiaz?
 
Orain arte hiru aldiz izan naiz, eta zorte ona izan dut, bitan irabazi baitut. Oroitzapen onak dauzkat. Errekortariontzat oso toki ona da Azpeitikoa, zezen plaza beti bete egiten da eta ikusleek erne jarraitzen dute saioa. Beste plazentzat inbidia emateko modukoa da Azpeitikoa.
 
Sasoian iritsiko al zara?
 
Baietz uste dut. Beste urteetan ez bezala, udan errekortari lehiaketetan burubelarri jarduteko aurten lana utzi egin dut. Duela egun batzuk laga nuen; harakin aritzen nintzen. Udazkenera artean saio asko izaten ditugu, eta horretara egon nahi dut orain.
 
Ondo irabazten al duzue?
 
Udan mantentzeko moduan bai. Eta kapritxoren bat egiteko aukera ere badugu. Baina denboraldia udazkenean bukatuko da, eta ea orduan lanik ateratzen zaidan.
 
Aurten zenbat saio egingo dituzu?
 
Saio guztiak oraindik ez dauzkat itxita, baina 60ren bat izango ditut guztira. Iaz 79 egin nituen. Asko dira. Udan ia egunero ibili nintzen zezenen aurrean saltoka.
 
Zertan nabarmentzen zara gehien: saltatzen, izkin egiten…?
 
Saltatzen. Hori da nire dohain nagusia. Neguan, lehiaketarik izaten ez dela-eta, traktore baten gurpil bat saltatzen entrenatzen naiz.
 
Noiz egin zenuen aurreneko plaza?
 
2009an. Betidanik izan dut zaletasuna, txikitatik ikusi ditudalako errekortarien saioak, edo entzierroak, lagunak errekortariak ditut… 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide