Marea Arroxa kamiseta

Maria Jesus Aranburu (andereƱo ohia) 2016ko uzt. 21a, 19:56

Hezitzaile bezala, kezka eta hausnarketa elkarbanatu nahi nuke, Azpeitian, Marea Arroxaren inguruan ikusten ditudan gauza batzuengatik.

Nik uste Marea Arroxa guztiontzat festa suspertzeko jaio zen mugimendu bat zela baina urtero-urtero, joera politiko jakin bat erakusten digu, zilegi dena noski, baina alderdikeria azaltzen duena. Festa alaitzeko, suspertzeko, anbientatzeko kamiseta arroxak bultzatzea oso ondo dago, baina kamiseta horietan adierazpen jakin batzuk azaltzea, beste batzuk ahaztuta utzirik, ez zait ondo iruditzen. Festa inguruko lelo bat, ondo; hortik gainontzeko lelo politikoek aukerakoak izan behar lukete.

Oso ume gazteek nahiko dute kamiseta arroxa jaztea. Adin hauetan badakigu taldeko parte izatea oso garrantzitsua dela gaztetxoentzat. Zergatik 'behartuta' egon behar dute politika adierazpen jakin batzuk eramatera? Kamiseta arroxa batzuk atera eta gero, nahi duenak ipini ditzala nahi dituen pegatinak. Manipulazio saiakera bat dirudi hain gazte diren umeengan.

Umeak libre hazten eta hezitzen saiatzen ari gara, autonomia eta erabakitzeko ahalmenak indartzen, elkarrenganako errespetuan oinarritutako gizarte batean. Autonomia garatu dezatela beraien erabakiak hartzeko. Heltzen doazen heinean, bakoitzak bere bidea egingo du. Uste dut guztion festak guztiontzat aldarrikatzen dituen mugimendu batek ez lituzkela inposatu behar lelo politikoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide