Txapelik ez Azpeitiarentzat Euskal Herriko Herriartekoan

Uztarria.eus 2016ko uzt. 23a, 17:32

Azpeitiko ordezkaritza txapeldunordeen oroigarriekin, Aritzbataldeko kantxan.

1-2 galdu dute azpeitiarrek (22-18, 8-22 eta 10-22) Zarautzen gaur goizean jokatutako finalean, Donezteberen kontra, eta ezin izan dute iazko garaipena errepikatu.

Azpeitiak ezin izan du berritu 2015ean Euskal Herriko Herriarteko Txapelketan lortutako garaipena. Gaur, zapatua, 1 eta 2 galdu dute azpeitiarrek Donezteberen kontra jokatu duten finala, Zarauzko Aritzbatalde frontoian.

Finaleko lehen partidan, kadete mailakoan, etorri da Azpeitiak gaurkoan lortu duen garaipen bakarra (22-18). Nahi eta uste zena baino gehiago sufritutakoa izan da Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek lortutako garaipena. 10 eta 0 aurrea hartuz ekin diote neurketari, baina Doneztebekoak pixkanaka markagailua estutzen joan dira eta, Ilunpekoak beti aurretik ibili diren arren, luze egin zaie partida, bai pilotariei eta bai Azpeititik Zarautzera joandako zaleei.

Jubeniletan, berriz, lehen tantoetan izan dute poz pixkat azpeitiarrek. Jon Alberdirentzat eta Mikel Unanuerentzat izan dira finaleko lehen tantoak, baina Doneztebeko bikoteak laster eman dio buelta partidari, 8-22 bukatu arte. Horrenbestez, finala berdinduta, seniorrena izan da partida erabakigarria. Hirugarren horretan ere aurreneko tantoetan egon da emozioa. Tanto luzeak eta gogorrak izan dira, parekatuta hasi da norgehiagoka, baina Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok ezin izan diote aurkarien erritmoari eutsi eta 10-22 izan da azken emaitza.

Euskal Herriko txapelik gabe gelditu dira, bada, Azpeitiko pilotariak. Baina haiek animatzera joandakoek merezi bezala eskertu diete ahalegina. Zaletuz betetako hiru autobus joan dira Azpeititik Zarautzera eta, Gipuzkoako Herriartekoaren finalean bezala, giro bikaina jarri dute frontoian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide