Saninazioak 2016

Bihar izango da Bakailao Txapelketan izena emateko azken eguna

Uztarria.eus 2016ko uzt. 27a, 11:42

Marea Arroxako kideak bakailao txapelketaren aurkezpenean.

Parte hartu nahi dutenek 943-15 70 68 edo 688-89 37 32 telefono zenbakietara deitu behar dute. 

Bihar izango da abuztuaren 1eko IX .Bakailao Txapelketan izena emateko azken eguna. Norbanako bezala edota elkarte gisa hartu daiteke parte bertan. Horretarako, 943-15 70 68 edo 688-89 37 32 telefono zenbakietara deitu behar da. Marea Arroxako kideek txapelketa aurkeztean azaldu zutenez, "sukaldari profesionalek ez beste edonork" har dezakete parte. 

Txapelketaren inguruko xehetasunak

Bakailao Txapelketa 11:00etan hasiko bada ere, sukaldariak 10:45erako plazan egon beharko dute. Festa batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa emango dizkie parte hartzaile guztiei, baina norbanako, talde edo elkarteek beste osagairen bat erabili nahiko balute, eurek eraman beharko dutela azaldu dute Marea Arroxako kideek. Suak eta mahaiak bertan egongo dira eta ontzi eta gainerako material guztia parte-hartzaile bakoitzak eraman beharko du. 

Talde bakoitza bi minutuko tartearekin hasiko da bakailaoa prestatzen eta 40 minutu izango dituzte kilo bakailao pi-pil eran prestatzeko. Behin bukatutakoan, saukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein izango den IX. Bakailao Txapelketako platerik onena. Epaimahaiak, "aurkezpena, saltsa eta zaporea" baloratuko dituztela azaldu dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek.

Lehen sailkatuak txapela eskuratuko du eta baita Kiruri jatetxean lau lagunentzako otordua ere. Bigarren sailkatuak, kriantza ardo botila bat eta bi txuleta eramango ditu eta hirugarren sailkatuak, berriz, bi lagunentzako otordua jasoko du Sagasti-Zahar jatetxean. Elkarte irabazleak, aldiz, Bakailao Txapelketako goilare erraldoia eskuratuko du. Azken bi urteetan Zulo-Zabal elkarteak eskuratu du goilarea. 

Txapelketa amaitutakoan, bertaratutakoek nahiz parte-hartzaileek prestatutako platerak "dastatzeko aukera" izango dutela azaldu dute Marea Arroxako kideek. Azoka Plazan izango da bazkaria eta 200 lagunentzat tokia egongo da bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide