Imanol beti gure artean

Josu Labaka, Kultur zinegotzia 2016ko uzt. 27a, 12:35

Eskerrak ematea nahi dizkiogu, publikoki, Itziar Oiarzabali. Berari esker, aste honetan, Enparan Dorretxean, Azpeitiko Udal Liburutegiko gela batean, Imanol Eliasen funts bibliografikoa ireki dugu. 

Balore handia du Imanolen liburutegiak, gure herriaren historiarekin lotzen gaitu, eta aitortu behar dugu sentimendu sakonak eragiten dizkigula. Imanolek, azpeitiarroi, sarri, geure historiaren ispilua jarri zigun begien aurrean. 

Gerra urtean sortua, ez zuen lan erraza izan euskal kulturaren eta herri-memoriaren aldeko lana burutzea. Baina hori eta gehiago egiteko gai izan zen. Azpeitiko historialarien katean segida ematen ere jakin zuen: Karmelo Etxegarai edo Ildefonso Gurrutxagaren bidetik... Herrigintza eta kultura eskuzabaltasunez ulertzeko modu baten erakusle izan zen: antzerki lanak, historia ikerketak, irrati-gidoiak, kronikak, efemerideak, prentsa eta iritzi artikuluak... Luzaroan agortuko ez den herri honetako kulturaren iturri emankorra izan da Imanol. Ispilua oraingo eta geroko belaunaldiek non begiratu izan dezaten.

Imanolen funtsa berak zaindu zuen mimo eta goxotasun berarekin zaintzeko konpromisoa hartu du Azpeitiko Udalak. Bere herriari baitagokio ondare hori merezi bezala zaintzea, zabaltzea eta herritarren eskura jartzea. Azpeitiko Udal Liburutegian lekua prestau eta egokituta, uste dugu, txoko pribilegiatuan jarri ditugula Imanolen artxibo eta liburuak. Baina garrantzitsuena da liburu eta dokumentu horiek edozein herritarrek eskura izango dituela hemendik aurrera.

Ondare eta altxor handia eskura jarri zigun bizi zenean. Eta, orain, Itziarrek bere funtsa herriaren esku uztean, Imanolek bizien artean, azpeitiarren artean, euskal herritarren artean segi nahi duela egoten erreibindikatu du, nolabait. Hor dugu bere artxiboa modu publikoan, bere idatziak, bere pentsamenduaren parte handi bat.  

Azpeitiarrak ezagutzea nahi dituenak, ahalegin txiki bat egin beharko du, Imanolek egin zuen bezalaxe bere ahaleginarekin ikasiz, irakurriz eta artxiboak miatuz. Enparanen edonoren eskuragarri daukagu Imanol, ez diozegun hutsik egin.

Bukatzeko, hau dena posible egin duena eskertu nahiko genuke berriro; Eskerrik asko, Itziar Oiarzabal.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide