Saninazioak 2016

Herrikoak eta goi mailakoak eskutik ariko dira saninazioetako pilota jaialdietan

Uztarria.eus 2016ko uzt. 27a, 18:00

Ilunpeko Xabier Aldalur, Dani Murgiondo, Estitxu Elduaien, Alaitz Badiola, Eneritz Arrieta eta Olaia Bikendi, kartelekin. (Azpeitiko Udala)

San Inazio egunean jokatuko da aurtengo profesionalen jaialdi bakarra, Izarraitzen; Daniel Murgiondo azpeitiar afizionatua ariko da lehen partidan, eta Irribarria eta Rezusta Olaizola II.aren eta Albisuren kontra estelarrean Abuztuaren 1ean, berriz, emakumezkoen eskuzko binakako partidak jokatuko dira lehen aldiz, Frontoi Txikian.

San Inazio festetan pilotak izango du aurten ere bere tartea. Eskuzko bi jaialdik osatuko dute eskaintza: gizonezko profesionalena bata, San Inazio egunez, 22:30ean hasita eta Izarraitz frontoian; eta lehen aldiz egingo den emakumezkoena bestea, abuztuaren 1ean, 19:00etatik aurrera eta Frontoi Txikian.

Aurten ere Ilunpe Pilota Elkarteak antolatu ditu saninazioetako pilota ikuskizunak. "Pilota elkartea baino hoberik ez dago horrelako partidak antolatzeko. Iazko esperientzia ona izan zen, eta aurten ere beraiek antolatu dituzte", adierazi du Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak.

Aipatutako bi jaialdietan, gainera, herriko pilotariak izango dira tartean. Izan ere, uztailaren 31ko profesionalen jaialdian ariko da Daniel Murgiondo azpeitiar afizionatua. Lehen partida jokatuko du Ilunpekoak: Mendizabal III.a eta Murgiondo, Ugalde eta Imazen kontra arituko dira jaialdiaren hasierako horretan. Partida nagusian, berriz, punta-puntako jokalarien arteko dema ikusi ahal izango dute pilotazaleek: Irribarria eta Rezusta, Olaizola II.aren eta Albisuren kontra.

Abuztuaren 1ean, berriz, emakumeen txanda izango da, Frontoi Txikian. Alaitz Badiola eta Ainitze Labaien, Maite Iriarte eta Alazne Inziarteren kontra arituko dira lehen partidan. Ondoren, Olaia Bikendi eta Patri Espinar, Eneritz Arrieta eta Miriam Arrillagaren kontra izango dira.

Estitxu Elduaienen hitzetan, emakumeen eta bertako edota inguruko pilotarien aldeko apustua egin dute aurtengorako: "Uztailaren 31ko ohiko jaialdian Murgiondo gaztea ariko da, alde batetik. Eta bestetik, emakumeen partidak jarri nahi izan ditugu, eta bertako zein ingurukoei eman nahi izan zaie aukera. Lehen partidako Badiola eta Iriarte azpeitiarrak dira, bigarrengoko Bikendi eta Arrieta azkoitiarrak. Inguruan badira pilotan ederki jokatzen duten emakumeak eta horiek ikusteko aukera paregabea izango da".

Uztailaren 31rako sarrerak

San Inazio egunez Izarraitzen jokatuko den pilota jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Sarrerak erreserbatzeko, 660806680 (Joanes) telefonora deitu daiteke. Bestela, uztailaren 29an (18:00etatik 21:00etara) eta uztailaren 31n bertan (12:00etatik 14:00etara eta 20:00etatik aurrera) salduko dituzte, Izarraitz frontoiko leihatilan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide