Oraindik ronaren hondarrak aho sabaian antzematen ditudala, kezka bat ari zait hazten ordea. Esan nizun, garaipen txikietatik porrot handietara doaz gure itsasontziak. Mastaren puntara igo eta gugana abiada bizian datozen lainoak ikusiko dituzu. Ez dute kolorerik, gaua bera baino beltzagoak dira.
Badakizu nola sortzen den laino bat, Hurritz? Eguzki izpiekin itsasoko ura lurrundu egiten da. Zerura igo eta han goian kondentsatu egiten da gero, eta lurraren gainetik pasatzean euri bihurtuko da. Ondoren, ura berriro erreketan bildu eta itsasora itzuliko da.
Baina ekialdetik datozen hauek bestelakoak dira: lurrean landatutako tximinia batek jaulkitzen ditu. Ez dakarte ur garbia ibaietara; zaborra dakarte lurrunduta. Gainera jausiko zaizkigu milaka basura poltsa euria egitean.
Egin zen zikinkeria hau geratzeko saioa: zaborra biltzeko sistema aldatu zen, ahal zen guztia birziklatzera jarri ginen. Zero zabor. Erraustegia egiteko plana bera ere geratzea lortu zen. Baina lehia politikoak ez daki osasunaz, eta azkenean diru eta botere goseak berriro berea lortuko duela dirudi: tximinia altxatuko dute Zubietan.
Hurritz, erraustegiaren kontrako mezu hau ikusi nuen duela gutxi horma batean pintatuta: burua ondo daukanak ez du bere etxe ondoan nahi, bihotza ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi. Lehen irakaspen bezala ez duzu batere txarra. Bizitza baita hemen handiena! Gurea eta besteena.