Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Azpeitian izango da abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenean. Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gorenak Azpeitira etorri ohi dira, egun horretan Loiolako basilikan izaten den erlijio ospakizunaren harira. Aurten ere etorriko dira bi erakundeotako ordezkariak herrira, eta horien artean izango dira, besteak beste, Ana Oregi sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Denis Itxaso diputatua.
Azpeitiko udal ordezkariek harrera egingo diete 10:15ean, udaletxean. Ondoren, korporazioan joango dira Loiolako basilikan egingo den meza nagusira. 11:00etan hasiko da meza Loiolan, eta parte hartuko dute herriko apaizek eta Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak.
Iaz Iñigo Urkullu ez zen Azpeitian izan abuztuaren 1ean, Idahon (AEB) ospatu zen jaialdi batean zelako.