Saninazioak 2016

Antzerkia, musa, kirola eta zezenak, saninazioetako azken arratsaldean

Uztarria.eus 2016ko abu. 1a, 22:07

Festak ez du etenik izan saninazioetako azkenengo arratsaldean. Eguraldi eguzkitsua lagun, jende ugari ibili da batean eta bestean, San Inazio bigarreneko arratsaldeko egitarauaz gozatzen. Ohi bezala, ikusle asko elkartu ditu alguazilak, mandazainek eta bandak zezen-plazara bidean egin duten kalejirak; aurtengo hirugarren eta azken zezenketa izan da gaurkoa.

Perez Arregi plazan ere ikusle asko erakarri ditu Bapatean Zirko taldearen antzerki emanaldiak; txiki zein heldu, ondo pasatu dute han elkartutakoek. Sanagustin kulturgunean, berriz, 17:00etatik aurrera 42 bikote lehian izan dira mus txapelketan; iluntzera arte ezin ezagutu txapelak zeinek jantziko dituzten. Done Jakue kalean, azkenik, bi ekitaldik bat egin dute, eta bietan jende asko izan da. Batetik, eguerdian bezala, zezen txikiekin jolasean ibiltzeko aukera izan dute gaztetxoek. Bestetik, ondoko Frontoi Txikian, emakumeen eskuzko jaialdiak ere piztu du ikusmina. Lehenengo partidan, azpeitiarrak tartean zituenean, Maite Iriartek eta Alazne Inziartek irabazi dute, 22 eta 15, Ainitze Labaienen eta Alaitz Badiolaren kontra.

Gauean, aurtengo saninazioetako azken kontzertuez gozatzeko parada izango da, gaupasa 'ofizialari' ekin eta bihar goizean festak agurtu arte. Hau da geratzen dena:

  • 22:00. Rodeo Stoner taldearen kontzertua, txosnagunean.
    Ondoren, ekitaldi feminista.
  • 00:00. Ken Zazpi taldearen kontzertua, plaza Nagusian.
    DJ festa, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 01:00. Joseba B. Lenoir Gang-en kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Pelax kontzertuan, txosnagunean.

Abuztuak 2, asteartea

  • 06:00. Incansables txaranga, kaleak alaituz.
  • 07:30. Zezena, Done Jakue kalean.
  • 08:30. Gaupaseroen argazkia, plaza Nagusian. Jarraian, gosaria.
  • 09:00. Suziri eta danbatekoen bidez, 2016ko herri jaien amaiera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide