Aspaldi galdu nuen nik hitz horiekiko esperantza, aspaldi ikusi ekuazio sinple horrek falta dituen aldagarri guztiak. Estatistikak eskuan hartuta, gustura jakingo nuke zenbat izaten diren, gaur egun, gehitze horretatik emaitza topatzen dutenak.
Unibertsitate ikasketak amaitu nituenetik saiatu hitzaren ondorioa nonbait galdu zela sentitu izan dut. Hala ere, nire ustez behintzat, horretan jarraitu dut ordutik hona. Musu-truk praktikak aldian egin, hizkuntzak ikasi, masterra estudiatu, bestelako lanak egin... Baina, guztia alferrik. Azken momentuan, ordea, azkena galtzen omen den esperantza hori galtzera nindoala, saiatu hitzak esanahia berreskuratu du. Eneritz Larrañagak itxaropena itzuli dit.
18 urte ditu Eneritzek. Eta nik ezagutzen dudanetik ez da egunik pasatu saiatzen ikusi ez dudanik. Beti irribarrea ahoan, ilusioa begietan, baloia eskuetan eta gogor saiatzen ikusi dut. Beti ez zaizkio gauzak ondo irten, noski, baina beti aurrera jarraitu du. Eta saiakera horrek, azkenean, merezitako saria ekarri dio, Ameriketako ametsa.
Eskerrak eman nahi nizkizun, Eneritz, zure indar eta ilusio horrek ni ere blaitu nauelako. Baita egunak joan eta egunak etorri irribarrea eskaini didazulako. Bestalde, zorte onena opa nahi dizut zure abentura berrian, eta ingurukoei indar berezi hori bidaltzen jarrai diezaiezun eskatu nahi dizut. Lanean jarraitu eta emaitza badakizu!
Eta inoiz ez ahaztu, lortu duzun guztia irabazitakoa da. ZORIONAK!
(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).