Pentsatzen jarrita, antzekoa gertatzen da gerora ere. Baditugu helduaroan neurria hartzeko ahoa erabili beste aukerarik ematen ez diguten gauzak. Adibidez, maitasunari zerbaiten forma emateko garaian aho bat besteari itsastea izaten da eskura ditugun aukera urrietatik eraginkorrenetakoa.
Dena den, lasai, laster utziko diozu guztia ahoaz neurtzeari. Bista zorroztuko zaizu eta eskuak zaildu, ez duzu dena ezpainetara eraman beharrik izango. Eskerrak, esango nuke. Komikoa litzateke arropa dendan galtzak probatzerakoan bakeroei haginka jardutea edo liburutegian liburu bat edo bestea hautatzea zaporeagatik, mingaina gidari hartuta.
Baina egun, gure begiek mundua sentitzeko dituzten zailtasunak ikusita, ez dakit ez ote zenukeen ahalmen horri eusten saiatu behar: alferrik erakutsiko dizkigute errefuxiatu alderraiak edo barkuak ondoratzen Mediterraneoan. Gure begiek ederki ikasi dute ikusi gabe ikusten. Hurritz, bion artean munduari begiratzeko beste modu bat bilatu behar genuke. Beharbada, zure erara egingo bagenu eta egunkariak osorik irentsi, tinta beltzarekin batera noraezean dabiltzanen etsipena nabarituko genuke eta ume itoaren irudiak min egingo liguke aho sabaian. Probatu egin behar.
(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa)