Svetlana Alexievitx Nobel sari

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2016ko abu. 31a, 11:52

Guztiz ahantzirik nuen esan zidana. Ordenagailuan neure dokumentuetara jo, baina elkarrizketa hura ez da ageri. Erraza ere ez da: hiru-lau ordenagailu ibili ditut ordutik hona. Batean ez bada, bestean behar du iazko Nobel sariari orain dela dozena urte egindako elkarrizketa, baina joan eta bilazan/k! 

Gaitz erdi, Svetlana Alexievitxi saria eman ziotela jakinarazi eta euskarazko egunkarian horren berri eman zutenean, 2004an idazleari egin nion elkarrizketa ekarri dute gogora, eta Internet lotura ere ezarri. Halaxe errekuperatu dut solasaldi zaharra, eta hura berriro letuz jakin dut zerk ekarri zuen Alexievitx Gasteiza urte hartan: Idazleen Nazioarteko Parlamentuaren bilera aitzakia etorri omen zen. Delako parlamentu horren bilerara etorri ziren idazle guztiak gorabehera, nik Svetlana Alexievitxen eta Bashquim Shehuren akordua besterik ez daukat, erbesteratuak biak, bata Paris ondoan eta bestea Bartzelonan bizi zena garai hartan. Ez dakit nola etorri zitzaidan haien bilkurara joateko ideia, badakit Svetlanaren testu bat euskarara itzuli zuela baten batek, eta idazleen aurrean huraxe letzeko eskatu zidatela.Bilera hartan ezagutu nituen biak, Svetlana eta Bashquim Shehu, eta, egokieran, elkarrizketa bana eskatu nien. Bashquimi egindakoak ez zuen sokarik ekarri: egin genuen, publikatu genuen eta kito, ez zen beste historiarik izan; istoriorik ere ez. Svetlanarenak, aldiz, segida izan zuen. Zapatua zen, eta beraren hoteleko kafetegian egin genuen elkarrizketa, interprete gazte ile-hori bat lagun. Svetlanak ez zuen errusiera besterik hitz egiten, eta nik, berriz, piperrik ere ez nekien beraren hizkuntzan. Elkarrizketa eginik, hiriaren parte zaharra ikusteko zein aldetara galdetu zidan Svetlanak interpretearen bidez, eta zapatua zenez, eta etxean tarte bat elkarrizketarako hartuta nuenez, neuk lagundu nien. Eta hantxe, handik hamaika urtera Nobel saria izango zena Gasteizko parte zaharrean -baina igual-igual ibiliko zen Azpeitikoan-, kale xaharretako zapatu-giroa sudurzuloak zabal-zabal arnasten. Hedegileen kalera sartu orduko konturatu nintzen hilaren azken zapatuko azoka jarria zutela bertako dendariek eta auzotik etorritako merkatariek. Honi eta hari begira, hantxe gaztaren postua ere, eta -ezin etsi nik-, gure gerrietako ardi-gaztaren on eta bertute guztiak aipatu nizkien Svetlanari eta interpreteari. Beroaldia izan, edo gorpuztuz ari zen adiskidetasun eta konplizitatearen seinale, gazte pusketa eraman zuten bi ukrainiarrek. Parte zaharretik irten eta etxera egin nuen, haiek hotelera bidean lagata. Hurrengo egun batean, Svetlanaren emailua jaso nuen, liburu baten testua bertan. Errusieraz. Aurten arte ez dut Svetlana Alexievitx iazko Nobel sariaren libururik letu. 

(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide