Xabier Saldias
"Madina mutil ona izan zen, mutil ona. Nik ez nuen hura sekula haserre ikusi; beti aurrera eta aurrera... ona. Xabier abeslari klasikoa zen, irudi ederrekoa, gainera. Benidormeko festibalean ere egon zen... Guk inork pentsatu ere egin ez genituenak egitera iritsi zen. Oso aurrera joan zen. Gu berarekin hasi ginen garaian, Iruñeko Gabon kantuen lehiaketan bigarren saria irabazita zegoen, Victor Manuelen atzetik; garai haietan euskara oso galarazita zegoen, kristoren meritua izan zuen. Guri azpeitiarrekin osatutako talde batekin hastea otu zitzaigun, berarekin. Lehenengo emanaldia Gau Txorin egin genuen, San Inazio bezpera batean. Gogoan dut Cadreitara (Nafarroa) joan ginenekoa; hain urruti sekula joan gabeak ginen. Festak ziren, eta ordu erdia jo eta zezenak, beste ordu erdi jo eta zezenak, ordu erdi jo eta zezenak... Ondarbideko Anttonen furgonetan joan ginen, eta bueltako bidean mahats harrapatzen-eta nola ibili ginen akordatzen naiz. Ederki pasatu genuen."
Alberto Frantzesena
"Oso oroitzapen onak gordetzen ditut, esperientzia polita izan zen hasierako hura. Betharramdarren eskolatik ezagutzen ginen. Bera diskoa atera berria zen, 8-10 kantarekin, eta puri-purian zegoen. Arrakasta zeukan: bazuen belarria, ahots atsegina, eta fisikoak ere laguntzen zion. Herriz herri emanaldi asko egin genituen, batik bat Nafarroa behekaldean. Aretoetan jotzen genuen, lehendabizi berak bere errepertorioa kantatzen zuen, eta ondoren guk dantzaldiarekin jarraitzen genuen. Gogoan dut 1973ko Urte Zahar gauean Tarazonan (Zaragoza, Espainia) egin genuen saioa. Kantu guztiak euskaraz edo ingelesez abesten genituen guk, eta jendeak arraro antzera begiratzen zigun; baina Xabier oso ezaguna zen, Iruñeko kantu lehiaketak oihartzun handia zuen-eta garai hartan. Bera Akelarren eta gu Eganen ibili ginen urteetan, berriz, lehiakide izan ginen, nolabait esateko; baina gure arteko harremana ona zen".
Maria Jesus Arregi
"Unai Irukoaren garaietan kointziditu izan genuen, eta Iruñeko Gabon kantuen lehiaketan parte hartu genuenean bera ere han izan zen. Nik oso harreman ona izan dut Xabier Madinarekin. Oso abeslari ona zen, gustu handia zeukan, baina zorterik ez zuela izan iruditzen zait. Izan ere, uste dut kantutik bizimodua ateratzeko gaia bazeukala; zeuzkan gaitasuna eta ahotsa, eta agertokiak betetzen zekien horietakoa zen, gainera. Baina ez zuen zorterik izan, talde batetik bestera aldaketa asko ere egin zituen... Ez dakit, baina niretzat pena bat zen, abeslari bezala karrera egiteko gaitasuna bazeukan eta".
Garikoitz Mendizabal
"Xabier Madina orain dela 25 urte ezagutu nuen eta aitortu behar dut pertsona gutxik bezala lasaitasuna, patxada eta konfiantza gorena transmititu izan didala. Bere kantari ibilbidea ez zen luzeagoa izan berak nahi ez zuelako. Dastatu zuen arrakasta eta oso miretsia ere izan zen tarte batean. Jakin izan zuen bere eztarriarekin sentsualitatea, gozotasuna komunikatzen, eta bere planta dotoreak txunditzen zuen jendea. Niri aztarna handia utzi dit eta konfiantza handia eman diogu elkarri. Bere ibilbidea hor dago eta, niri, hizki handiz idatzitako laguna joan zait".