Tuba jaialdia izango da Azpeitian, hilaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean

Uztarria.eus 2016ko irailaren 10a

Tuba jotzaileak "Arratsalde honetan" kanta jotzen, jaialdiaren aurkezpenean.

Euskal Herriko eta inguruetako tuba jotzaileek, adin eta maila guztietakoek, hilaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean Tuba jaialdia egingo dute Azpeitian, zazpigarren urtez. Donostiako Tabakaleran emango duten kontzertuarekin hasiko dute jaialdia, irailaren 29an. 

Zazpigarren urtez jarraian, Azpeitiko Tuba jaialdia ospatuko da irailaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean. Ekitaldiz betetako hiru egun antolatu dituzte, izan ere, kontzertuak eskaintzeaz gain, tailerra eta bazkaria ere izango dira. 

Reyes Pradosek tubara egokitutako Sorotan Beleren "Arratsalde honetan" pieza joz hasi dute VII. Tuba Jaialdiaren aurkezpen ekitaldia. Tuba jaialdiaren antolatzaile Agustin Jimenezen esanetan, "jaialdia maila guztietako musikariei dago bideratuta". Era berean, adierazi du gaur egun, Tuba jaialdiak "Azpeitiko mugak gainditu" dituela, eta "Euskal Herriko jaialdi garrantzitsuenetakoa bilakatu" dela. Tuba jaialdian nazioarteko maisu askok parte hartzen dutela gaineratu du, baina "jaialdia handia zerbaitegatik bada, goi mailako maisu horiek musikari zaletuekin, ikasleekin eta umeekin bat egiten dutelako da".

Zazpigarren aldia da Azpeitian tuba jaialdia antolatzen dutela, eta "sekretua lana egiteko borondatea, ilusioa, gogoa eta Kultur Mahaiaren dinamika" direla kontatu du. Zentzu horretan, Jimenezek eskerrak eman dizkie Tuba Jaialdia egiten lagundu dieten guztiei; tartean, Azpeitiko Udalari. Udaleko Kultur zinegotzi Josu Labakaren esanetan, "udalaren izenean eskerrak jasotzeko ez baino eskerrak emateko gaude, urtez urte halako jaialdia antolatzen duzuelako".

Ikastaroan zein jaialdian parte hartu nahi dutenek izena hilaren 26rako eman beharko dute, eta 30 euro ordaindu beharko dute. Tuba eta bonbardino elkarteko bazkideek, aldiz, 24 euro ordaindu beharko dituzte. Prezio horretan sartzen dira tuba ikastaroa, bazkaria eta jaialdiko logoarekin egindako txapel bana. Izen ematea ondorengo posta elektronikoaren bitartez egin daiteke: tubajaialdia@gmail.com.  

Egitaraua

Irailak 29, osteguna

20:30: Iñar Sastreren eskutik pianoaz lagunduriko entzunaldia, Donostiako Tabakaleran.

Irailak 30, ostirala

17:00: Arnasketa Zirkular Aurreratuko tailerra, Udaletxeko ganbaran, doan. Didgeridooa airezko musika instrumentu jotzaile Iban Nikolai oiartzuarrak eskainiko du tailerra, beste bi maisuren laguntzarekin.

23:00: Di To Wo taldearen didgeridoo kontzertua. Ondoren, Tuba Jaialdiko maisuen Jam Session-a. 

Urriak 1, zapatua. Tuba Eguna

09:15: Kanpotik herrira datozen tuba jotzaileei ongi-etorria, Udal Musika Bandak Soreasun duen lokalean.

09:30: Beroketak, tailerrak eta entsegua.

14:30: Bazkaria, Zokoa soziedadean.

Arratsaldean, kontzertua plazan, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleekin elkarlanean.  

Irailak 20tik urriak 4ra

Tuba Jaialdi ezberdinetan Alaitz Ruizek ateratako argazkiekin erakusketa, Sanagustin Kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide