Loiolako Basilikako erloju berriztatua inauguratu dute

Uztarria.eus 2016ko irailaren 11

Loiolako erlojuaren berreskuratze lanetan parte hartu duten langileak, ezkerretik eskubira: Felix Juan, Teresa Etxaniz, Xabier Alvarez Yeregui, BegoƱa Arruti, Juan Carlos eta azken horren semea (Argazkia: Eider Bereziartua).

Jose Manuel Zugasti Arrasateko erlojugileak eraiki zuen ordularia, 1854an, eta Zumaiako Yeregui Elkartea arduratu da zaharberritzeaz.

Loiolako Basilikako ordulari berriztatua gaur inauguratu dute. XIX. mendearen erdi aldera, 1854an, eraiki zuen Loiolako Basilikako erlojua Arrasateko erlojugile Jose Manuel Zugastik, Bilbon. Azken urteetan, ordea, erlojua ez zuten erabiltzen, eta erortzeko arriskua zuela-eta, duela bi urte inguru Zumaiako Yeregui Elkartearekin jarri ziren harremanetan, ordularia berriztatzeko.

Iazko martxoan hasi zen Yeregui Elkarteko lan-taldea zaharberritze lanetan, eta, besteak beste, erlojuaren garbiketa eta pintaketa, soinu pisuen murrizketa, penduluaren laburtzea, soinuarentzat eragingailu berria jartzea eta kanpaiaren garbiketa lanak egin dituzte. Lan horiez gain, Teresa Etxaniz ingeniariak erlojuaren inguruko azterketa zehaztua egin du, eta berriztatze lanen nondik-norako guztiak jaso ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide