Turismoak axola du

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Gorrotxategi 2016ko ira. 15a, 12:54

Gure artera etorri den turista kopurua oso albiste ona izan da. Ez da Azpeitiak duen potentzial eta erakarpen turistikoa azpimarratzen dudan lehenengo aldia, eta hori balioan jartzeko beharra dugu, jarduera ekonomikoaren iturri moduan

Horretarako, bi erakarpen-gune dauzkagu gure herrian, Euskadik duen turismo eskaintzaren esparruan kokatutakoak, eta herri mailako erakarpenetik haratago doazenak: Loiolako Santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa.

Aurreko legealdian, publikoki bultzatu eta babestu nuen ezinbestekoa zela udalak hori kontuan izatea eta bi erakarpen-gune horien arduradunekin elkarreraginean aritzea, Loiolako Santutegia edota Burdinbidearen Euskal Museoa ikustera hurbiltzen diren bisitariek gero gure herria ikustera ere zabal dezaten beren bisitaldia.

Bai aurtengo abuztuan ireki den udal turismo bulegoak eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dituzten datuek argi erakusten dute Azpeitiak sortzen duen interesa gero eta handiagoa dela, Hiru Tenpluen Ibilbideagatik (Loiola, Antigua eta Arantzazu) eta trenaren museoak lurrun trenean bidaia egiteko eskaintzen duen aukeragatik. Ondare eta historia aldetik balio handia dugu eskaintzeko, eta eragile guztien arteko elkarlanarekin, gure herria, industriala izateaz gain, turistikoagoa ere izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide