Zuk ere ahal duzu, emakumeek taldean korrika saioak egiteko aukera eskaintzen duen udal egitasmoak, ikasturte berrirako izena emateko epea ireki du. Iaz ekindako bideari eutsita, 2016-2017an ere egitasmoa ikasturte osora zabaldu dute, udazkenean hasi eta uda hasiera arte.
Ikasturte berria urriaren 3an hasiko da eta astean bi saio egingo dituzte, astelehen eta asteazkenetan, 19:15etik 20:30era; udal igerilekuan elkartuko dira emakume korrikalariak. Gaitasun maila guztiei zuzenduta dago egitasmoa eta taldekideek banakako jarraipena izango dute, monitore batek izango baitu saioak gidatzeko ardura.
Taldea martxan jartzeko gutxieneko partaide kopurua beharko da. Izen-ematea igerilekuan egin behar da eta irailaren 26an bukatuko da. Kirol Patronatuko bazkide direnentzat prezioa 25 eurokoa da, eta 35 euro ordaindu behar dituzte bazkide ez direnek.
Zalantzak argitu edo informazio gehiago nahi dutenek, 943150095 telefonora deitu edota kirolak@azpeitia.eus e-posta helbidera idatzi dezakete.