Azoka Herritik egitasmoaren laugarren edizioak egun nagusia, eta azkena, du gaurkoa. Atzo arratsaldean abian jarri ziren stock azokak, baserritarrenak eta bigarren eskukoak bigarren jardunaldia dute zapatukoa; eta haiekin bat egin dute gaur herriko plazan, Plaza Txikian eta Perez Arregi plazan artisauek eta herriko kultur eta gizarte eragileek. Goiztiarrenen artean, berriz, Olazko Andre Mariaren plazan erdigunea izan duten umeentzako kirol jarduerak egon dira. Azken horiek aurreikusi baino laburrago egin dituzte, euri zaparraden eraginez.
Euria izan da, izan ere, goiz parteko protagonista. Eguerditik aurrera eta azken ordura arte ateri eutsi dion arren, aterkiak eskutan ibili dira azokaz gozatzera kalera irten diren herritarrak. Saltoki eta erakustoki gehienak karpen babesean zeuden, baina beste batzuk aterpe bila ere ibili dira, Erdikalekoak bereziki.
Ikusmina eragin du, bestetik, aurten lehen aldiz antolatu duten tomate zatarrenaren lehiaketak. Hamaika tomate ale 'zatar' aurkeztu dituzte lehiara; Sanagustinpean jarri dituzte ikusgai, eta herritarrek euren ustez zatarrena zenaren aldeko botoa emateko aukera izan dute. Bi sari banatu ditu lehiaketak, antolatzaileek izendatutako epaimahaiarena bata eta herritarren botoetan oinarritutakoa bestea. Eta, bietan, boz gehien eskuratu dituena Enaparangain baserriko Ekaitz Agirrek aurkeztutakoa izan da; horrenbestez, herritarren saria sailkapen horretan bigarren tokian gelditu den Komuntzo baserriko Ioritz Igarataundik jaso du.
14:00ak arte luzatu da goizeko egitaraua. Arratsaldean, berriz, 16:30etik aurrera berriro martxan izango da Azoka Herritik. Hau da aurtengoa osatzeko gelditzen dena: