Azoka Herritik

Musika eta dantza, Azoka Herritiken azken txanparako

Uztarria.eus 2016ko ira. 17a, 22:01

Bukatzen ari da aurtengo Azoka Herritik egitasmoak emateko zeukana. Eta azken txanpa honetan, musikak eta dantzak hartu dute tarte aipagarria.

Goizekoak bukatuta, Gaztetxean elkartu da hainbat herritar hango sukaldariek prestatu duten bazkari begetarianoaz gozatzeko. Bazkalostean, Onintza Valverderen kantaldiak girotu du Gaztetxea.

Euria dela eta, arratsaldean plazan egitekoa zen euskal kantu eta dantza ikuskizuna Frontoi Txikira aldatu behar izan dute. Han, Juan Antxieta Musika Eskolakoek, K-Beat ahots taldeak, Azpeitiko Dantza Sueltoko ikasle gaztetxoek eta Itsasikoek ordu erdi inguruko ikuskizun polit eta bizia eskaini dute, ikusleen gozamenerako.

Eta, aurtengo egitaraua borobiltzeko, gauean Sanagustin kulturgunean izango da Azoka Herritiken azken hitzordua, Perlak taldeak eta La Basuk 23:00etatik aurrera emango dituzten kontzertuekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide