Igande honetan izango da 2016-2017 ikasturteko lehenengo dantza jauzien saioa. Berrikuntzatxo batekin dator gainera, izan ere, dantza jauzietako pausoak irakatsiko dituzte Sahatsa Dantza Taldeko kideek saioari ekin aurretik, 11:45ean, plazan bertan.
Badira hiru urte mutxikoen proiektuari ekin genionetik herriko hainbat kultur taldek. Aurtengoan, Sahatsa Dantza Taldea, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Dantza Eskola, Azpeitiko Kultur Mahaia eta Kulturaz Kooperatiba elkarlanean arituko gara mutxikoen antolaketan. Elkarlanean antolatu izan ditugu dantza jauziak, hileko bigarren igandeetan, herriko hainbat txokotan, eta aurtengoan ere ildo beretik jarraituko dugu.
Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantza-jauziek berpizkundea bizi izan dute, eta hegoaldeko herri askotan tradizio hori ikasteko saioak egiteari ekin zaio, tartean, Azpeitian. Dantzak zabaldu eta herritarrengana gerturatzea da hain justu egitasmoaren helburua, ikusteko ez ezik, gerturatu eta egiteko saioak egiten baitira.
Bestalde, aurten, Alde Zaharretik herriko beste txokoetara zabaltzeko saiakera ere egin nahi dugu, besteak beste, beste auzoetan eta hauetako festetan eginez. Badakizue beraz, animatu eta parte hartu!