Berri pozgarri bat izan genuen atzokoan: Onintza Valverde azpeitiarra eta beste bost ikasleak absolbitu egin dituzte. Zorionak denoi! Benetan pozten gara espetxera joan beharrik inork ez duelako izango. Baina berri pozgarriak ez dezala arazoaren muina ezkutatu. Sei ikasle horiek, euskal presoek ikasteko duten eskubidea aldarrikatzera atera ziren kalera. Eskubidea izan arren, euskal presoek ikasketak egiteko zailtasun eta oztopo handiak dituzte, sarri ikasketak egiteko aukera gabe geratuz. Eta eskubide horiek aldarrikatzeagatik, ikasle hauek polizia gehiegikeriak pairatu dituzte eta salbuespeneko legedia aplikatu zaie.
Bi lagun horma baten mural bat egiten hasi zirenaren aitzakipean poliziaren karga bortiza, ikasleak burua irekita eta sei gazte komisaldegian amaitzea guztiz desproportzionatua eta salagarria da. Eta are salagarriagoa bi eta hiru urteko espetxe zigor mehatxupean bizi behar izan dutela bi urte eta erdiz gazte horiek, elkarretaratze baten parte hartzeagatik. Presoei urratzen zaizkien eskubideak aldarrikatzeagatik. Eskubideak aldarrikatzeagatik eskubideak urratu zaizkie absolbitu dituzten sei ikasleei, eta Azpeitiko Libretik horrelakorik berriro ez gertatzea exijitzen dugu.
Herri honek konponbidea nahi du. Baina hortarako denen eskubideak (presoenak barne) errespetatuak izan behar dira, eta salbuespeneko legedia bertan behera uztea urgentziazko beharra da.