'Nire negozioa martxan jartzeko, zer jakin behar dut?' ikastaroa antolatu du Iraurgi Berritzenek

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2016ko urr. 25a, 11:31

Merkatu azterketa nola egin, negozioa ekonomikoki errentagarria izan daitekeen edo ez aztertu, finantziazioa nola aurkitu, irekitzerakoan bete behar diren tramiteak ezagutu eta lehenengo bezeroak nola aurkitu aztertuko dira, besteak beste. Azaroan eskainiko dituzte formazio saioak, doan. 

Nire negozioa martxan jartzeko, zer jakin behar dut? izenburupean ikastaroa eskainiko du Iraurgi Berritzenek. Saioak lan mundura begira buruan ideiaren bat duten langabetuei zuzenduta egingo dituzte, Lanzituz programaren baitan.

Ostegunean, hilaren 27an, 09:00etan hasita, ikastaroaren aurkezpena egingo dute. Bertan beren negozioa ireki duten bi ekintzaileen gogoetak entzuteko aukera egongo da, eta horren ondoren, formakuntzaren inguruan informazioa eskainiko dute.

Ikastaroa azaroan hasiko da, eta parte-hartzaileek negozio bat martxan jartzerako orduan kontuan eduki behar dituzten pausoak ezagutzeko aukera izango dute bertan. Merkatu azterketa nola egin, negozioa ekonomikoki errentagarria izan daitekeen edo ez aztertu, finantziazioa nola aurkitu, irekitzerakoan bete behar diren tramiteak ezagutu eta lehenengo bezeroak nola aurkitu aztertuko dira, besteak beste. Formakuntza saioak doan izango dira, eta Azkoitiko Intsausti Jauregian emango dituzte.

Informazio gehiagorako jarri harremanetan Iraurgi Berritzenekin telefonoz 943 85 11 00 (Ione Eizagirre) telefonora deituta edota emailez, ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide