(Haiek hiltzeko beldurra nik neukan galanta. Neure burua galtzekoa edo. Esateak ez nau lotsatzen.)
Benetan esanda, beraz, aita-amak hil ziren; baina, olgetan esanda, aita-amak alokairuan bizitzera joan ziren.
(Hasi al naiz orain ere, amak esan ohi zidan bezala, gauzak "batekoz beste" esaten? Zertara datoz ahokada hauek? Lasai: gauzak argitzera datoz.)
Urtean 6,35 euro kentzen dizkit udalak aita-amen hilerriko egonleku edo hilobitxoagatik. Ez al da hori alokairu bat ordaintzea?
Haiek ez dira leku haren jabe. Haiek ez dira beren heriotzaren jabe. (Hildakoek okupa bihurtzen ez dute ikasi oraindik.)
6,35! Zenbaki horiek aurrenekoz ikusi nituenean, negarrak irten zidan. Hori al zen heriotzaren prezioa? Hobeki: hori al zen aita-amak hilda egotearen prezioa? Sardina kiloarena?
Baina zer nahi nuen ba? Garesti ordaintzea? Zenbaki haundi bat? <em>Horire eztepa!</em> (Ez al nengoen ba ikasia "diruaren logikari entzungor egiten"?)
Eta hau dena ez al da lekualdatze bat?, truke bat?, tratu bat?; zatarkiago esanda: egokitzapen bat?, doikuntza bat?, berregituratze bat?
Irakurri artikulu osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.