Abian da Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonentzako Arreta Zikloa

Uztarria.eus 2016ko aza. 7a, 10:34

Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariak eta proiektuaren sustatzaileak. (Ihintza Elustondo)

Ikasleek mendekotasun egoeran dauden pertsonei baliabideak eskaintzen ikasiko dute, eta hirugarren adinekoei, elbarriei zein buruko osasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko formazioa jasoko dute. Zikloa Azpeitiko eta Azkoitiko Udalen arteko elkarlanaren emaitza da.

Erdi mailako ziklo berri bat jarri dute martxan Urola Ikastola Azkoitia – Azpeitia BHIk Azkoitian Lanbide Heziketarako duen gunean: Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonentzako Arreta Zikloa. Bi urteko iraupena du zikloak, eta joan den irailean abiatu zuten ikasturtea bertan matrikulatuta dauden 18 ikasleek. Ikasturtean zehar mendekotasun egoeran dauden pertsonei baliabideak eskaintzen ikasiko dute, eta hirugarren adinekoei, elbarriei zein buruko osasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko formazioa jasoko dute.

Ziklo berri hori Azpeitiko eta Azkoitiko Udalen arteko elkarlanaren emaitza da, eta joan den ostiralean aurkeztu zuten. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi zuenez, "hirugarren adinekoena etorkizunean enplegua sortuko duen sektorea izango da, eta, beraz, langabeziari aurre egiteko pentsatutako proiektua da". 

Zikloa amaitzean, bailarako hainbat enpresatan lan egin ahal izango dute ikasleek: eguneko zentroetan, zahar etxeetan eta Gureaken, esaterako. Iñigo Azkue zikloaren arduradunaren arabera, beste bide batzuk ere irekitzen ditu, eta haren arabera, "zikloa amaitzean, ikasleek Haur Hezkuntza edota Gizarte Integrazioa ikas ditzakete formatzen jarraitu nahi izanez gero".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide