Bertsotruk egitasmoaren bigarren ekimena egin zuen Erniarraitzek joan den zapatuan, azaroaren 5ean, Urrakin. Gasteizko Kakiturri bertso eskolako kideak eta Erniarraizko kideak elkartu ziren han. Aurreneko topaketa Gasteizen egin zuten, eta joan den zapatukoa aurrenekoaren itzulia izanik, parte hartzaile batzuk jadanik elkar ezagutzen zuten.
Bi bertso eskoletako 35 lagun inguru bildu ziren mahaiaren bueltan, eta sabelak ondo bete ondoren, talde bakoitzeko hiruna bertsolari aritu ziren kantuan. Gasteizko taldetik Serapio Lopez, Felipe Zelaieta eta Manu aritu ziren. Erniarraizko taldetik berriz, Eduardo Larrañaga Kaminburu, Haritz Etxeberria Ministro eta Iñaki Tolosa. Hiru belaunaldi desberdinetako bertsolariak jardun ziren kantuan, eta Manu eta Iñakirentzat jende aurreko lehen saioa izan zen. Gaiak jartzen Silvia Etxaniz aritu zen, eta saio ederra osatu zuten denen artean.
Gasteizko bertso-eskolarekin bi topaketak eginda, Durangaldeko bertso-eskolarekin izango dituzte hurrengo bi hitzorduak Erniarraitzeko kideek, bata etxean eta bestea kanpoan.