Zapatuan, azaroaren 5ean, jokatu zituzten asteko partidak Sammic Iraurgik eta Añares ISBk. Sammic-ek ligako bosgarren garaipena lortu zuen Leonen, 76 eta 80 irabazita. Garaipen horrekin Sammic sailkapeneko lidertzan da, Cambados eta Lucemtumekin batera.
Neurketa oso parekatua eta borrokatua izan zen. Markagailuan alde txikiak, defentsa zorrotzak eta tentsio handia izan ziren. Joe de Ciman berriro ere bikain aritu zen, eta 27 puntuko balorazioa lortu zuen. Maiza, Dezelski eta Karena ere maila onean aritu ziren.
Añares ISBk ezin irabazi
Juventut Les Corts taldearen aurka 69-80 galdu zuen Añares ISBk. Ondo hasi zuen partida Añaresek, eta 10 punturen aldearekin bukatu zuten aurreneko laurdena. Sentsazio onekin ekin zieten berriro lehiari, baina Juventut Les Cortseko jaurtiketa guztiak barrura sartu ziren, eta Añaresi asko kostatu zitzaion aurrea hartzea. Hirugarren laurdenean ere katalanak hobeak izan ziren, eta beste 6 puntuko aldea lortu zuten. Gehiegi izan zen Añaresentzat, eta laugarren zatian asko saiatu zen arren, 69-80 galdu zuen.
Denboraldiko hirugarren garaipena lortzea asko kostatzen ari da, baina taldeak ez du burua makurtuko eta lanean jarraituko du gogor.