Hilabetetako lanaren ostean martxan da Soreasuko sormen gunea, martxan da Dinamoa, eta aurreneko ekimena egingo dute bertan datorren ostegunean, azaroaren 10ean. Beti bezperako koplak film laburra eskainiko dute, 19:00etan hasita.
Santa Ageda bezperako ospakizuna abiapuntutzat hartuta, Maialen Lujanbiok genero indarkeriaren salaketa gordina egin zuen, eta bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpenak salatu zituen. Kopla horiek abiapuntu hartuta, Bego Vicarioren koordinaziopean egindako film laburra da Beti bezperako koplak. Hogei euskal artista gazteren artean zuzendutako sortze-lan kolektiboa da. Bertso-estrofak eta haien arteko trantsizioak artista guztien artean banatuta, oso teknika ezberdinekin egindako piezak batzen dira film laburrean.
Lan horretan parte hartu duten artista horietako batzuk, tartean Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo, izango dira osteguneko solasaldian, baita Bego Vicario koordinatzailea eta Patxi Azpillaga ekoizle eragilea ere. Ostegunean proiektuaren sortze prozesuaz eta garapeaz arituko dira hizketan, besteak beste.